Pasealekuko udal kirol torneoan parte hartzeko izen ematea zabalik dago
Pasealekuko 36. Udal Kirol Torneoak ekainaren 26tik abuztuaren 4ra bitartean beteko du Pasealekua, eta domekara arte [ekainak 11] izena eman daiteke. Saskibaloian, alebin mailako taldeek ere parte hartu ahal izango dute aurten lehenengoz.
Pasealekuko 36. Udal Kirol Torneoak Gernika-Lumoko haur, gazte eta helduei kirola eta aisialdia uztartzeko aukera eskainiko die berriro ere ekainaren 26tik abuztuaren 4ra bitartean. Futbola, saskibaloia eta pilota biltzen dituen ekimenean parte hartzeko aukera zabalik dago, eta domekara [ekainak 11] arte izena eman daiteke.
Horretarako, aukera desberdinak daude zabalik: batetik, aurrez aurreko izen ematea Santanape kiroldegian eguenean [ekainak 8], 18:00etatik 20:00etara bitartean –dokumentazioa bertara eroan beharko da–; bestetik, Internet bidez, QR kodea eta esteka erabilita ere izena eman daiteke.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, futbito eta saskibaloiko talde bakoitzak 60 euro ordaindu beharko ditu; esku pilotako izen emateak, berriz, 15 eurokoa izango da bikote bakoitzeko. Aurten, berrikuntza modura, saskibaloiko kategorian alebin mailako taldeek ere parte hartu ahal izango dute.
Ekimena udal administrazioaren eta herriko kirol talde nagusien artean antolatu dute elkarlanean: Gernika Erabil Futbol Sala, Gernika KESB eta Arkupe. Horien helburua da haur, gazte zein helduek kirola eginez “ondo pasatzea” eta Gernika-Lumoko jendea “giro ederrean” murgiltzea. Hori dela eta, herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin diete.