Mundakako kale plaken berritzea, amaituta
Plaka berrituak iraunkorragoak eta irakurterrazagoak izatea nahi izan du udalak.
Mundakako Udalak amaitutzat eman du udalerriko kaleen identifikazio izenak jasotzen dituzten plaken berritze prozesua. Hain zuzen ere, osorik eraberritu dituzte plakak, herriko kaleen izenak ikusgarriagoak eta identifikatzeko errazagoak izan daitezen. Guztira, herri osoan sakanabatutako 44 plakatan egin dituzte lanak. Udaletik adierazi dutenaren arabera, berritze obrak egiteko 7.342,28 euroko inbertsioa egin dute.
Plaka berrituetako errotuluak eta euskarriak, azaldu dutenez, aluminioz egindakoak dira. “Iraunkortasunaren alde” egin dute, material horregaz egindako plakek korrosio atmosferikoari hobeto aurre egiteko. Horrez gain, metalezko esmaltezko akabera batez imprimatuta eta margotuta daude plaka berriak. Errotulazioa egiterako orduan, letren diseinua plaka zaharretakoa baino “irakurgarriagoa” izatea bilatu dute, “bai oinezkoen, bai gidarien orientazioa errazteko asmoagaz”.
Mundakako jarduneko alkate Irati Gondrak argitu du udalerriko kaleen identifikazioa hobetzea “lehentasuna izan dela” gobernatzen hasi zirenetik: “Herriko plaka ugari hondatuta eta zahartuta zeuden, eta guztiz beharrezkoa zen horiek berritzea. Izan ere, Mundakak bere bideen izenaren irudi argia eta garbia erakutsi behar du egoiliarrentzat nahiz bisitarientzat”.