Maietz pazkoei, hurrengora arte
Astebete beranduago ailegatu dira Maietz Pazkoak Arratzura, baina ez dute hutsik egin, eta giro polita nagusitu da herrian. Ekintzaz betetako asteburuaren ostean, datorren urtera arte agurtu dituzte herriko jaiak.
Jaietako zapiak datorren urtera arte gorde dituzte Arratzun. Maietz Pazko jaiei agur esan zieten atzo herritarrek, jaien amaiera iragartzen zuen txupina jaurti ostean. Hala ere, bikain ospatu dituzte jaiak.
Atzo, txupina jaurti aurretik, maietz pazkoetako bazkarian batu ziren herritarrak Herriko Tabernan, eta Tor Magoaren ikuskizunak eta Arratzuko Otxoteak borobildu zuten iluntzea.
Denetariko jarduerez gozatu dute adin guztietako herritarrek. Herriko festak astebetez atzeratzea erabaki zuten jai batzordeko kideek, eta ez dute hutsik egin. Bego Arazosa otsailean zendutako herritarra eta zinegotzia izan zuten gogoan barikuko pregoian, eta sartenekoaren ostean, DJ Bullek musikatu zuen gaua.
Herri kirolek hartu zuten zapatuan Arratzu. Egun handia izan zen; Arratzuko Piratak herri Kirol taldekoen umeen jolasekin hasi zen. Herri bazkarian bildu ziren gero, eta bingo herrikoia izan zuten jan ostean.
Bizkaiko txapela. Herri kirolen erakustaldiak ez zuen etenik izan zapatuan, gizonezkoen Bizkaiko Lasto Jaurtitze Txapelketako finala lehiatu baitzuten Loiolako plazan. Lau lasto jaurtitzaile onenak batu ziren, eta zein baino zein gehiago aritu ziren Beñat Obieta (Arratzuko Piratak Herri Kirol Kluba), Jose Martin Bustintza Tubi (Dimako Txabila HKT), Jon Loiola (Dimako Txabila HKT) eta Eloy Salterain (Abadiño). Tubi izan zen onena, lasto meta 6 metro eta 10 zentimetro botata. Bigarren geratu zen Obieta arratzuarra, 5 metro eta 40 zentimetroko markagaz. Hirugarren eta laugarren postuan, berriz, berdindu egin zuten Salterainek eta Loiolak, lasto meta 4 metro eta 80 zentimetro jaurtita.