San Kristobal presondegitik ihes egin eta Frantziara iritsi gura zuten presoek egitea pentsatuta zeukaten bidearen lehenengo zatia egin zuten Sollube 707 mendizaleek domekan [ekainak 4].
Bermeotik abiatu eta Mundakan, Busturian, Gernika-Lumon eta Zornotzan geldialdiak egin ostean, Iruñeako Ezkaba mendirako bidea hartu zuten Sollube 707 mendizale taldekoek. Izan ere, San Kristobal presondegitik ihes egin eta Frantziara iritsi gura zuten presoek egitea pentsatuta zeukaten bidea hiru etapatan egingo dute, eta lehenengoa domekan [ekainak 4] egin zuten. Mendizaleak “oso pozik” eta “gustura” bueltatu direla azaldu dute antolatzaileek.
34 mendizalek egin zuten domekan [ekainak 4] 14 kilometroko ibilbidea. Txinparta elkarteko Koldo Pla egon zen euren zain Ezkaba mendiaren hegoaldeko hegalean dagoen 1988an eraikitako oroigarrian. Ondoren, San Kristobal gotorlekura joan eta ohorezko aurreskua dantzatu, prestatuta zeramatzaten bertsoak irakurri eta lore eskaintza egin zuten. Handik Botilen Hilerrirako bidea hartu zuten, eta botiletan krabenil bana sartuta, han utzi zituzten hildakoen omenez. Antolatzaileen asmoa zen bertsoak ere botiletan sartzea, baina Plak hartu zituen euren artxiboetan gordetzeko.
Memoria Historikoaren Leku izendatuta dagoen Olabeko hobian amaitu zuten lehenengo etapa. “Bero asko” pasatu zutela diote. Bidea, gainera, lokatzez beteta egon zela azaldu dute, “aurreko egunetan egindako euriteengatik”. Hurrengo hitzordua ekainaren 18rako jarri dute. Orduan egingo dute bigarren etapa, Olaben hasi eta Erro Mendateraino.