Markel Beloki izan da azkarrena Mendatan
Gazte mailako 33. Mendatako Sari Nagusia zapatuan [ekainak 3] lehiatu zuten, eta Belokik 2 ordu, 14 minutu eta 48 segundotan burutu zuen 85,3 kilometroko lasterketa.
Munitibarreraino 30 bat txirrindulariko pelotoia joan zen lasterketa-buru, baina Bizkaiko Begiratokira igotzeko bidean apurtu zen lasterketa. Belokik tropela atzean utzi, eta azken kilometroak bakarrik egin ostean, bakarrik helmugaratu zen Samuel Sanchez txirrindulari ospetsuaren Asturiasko MMR-Academy taldeko txirrindularia; Joseba Beloki txirrindulari ohiaren semea da.
15 segundora helmugaratu ziren Unax Errasti (Ulma-Aloña Mendi) eta Unai Ramos (Vizcay Hermanos Construcciones). Mendiko sailkapenean Beloki nagusitu zen, eta Kepa Ormazabal (Ampo Ikolansports) eta Errasti sailkatu ziren atzetik. Tarteko helmugakoan, berriz, Ormazabalen Hegoi Larrañaga sailkatu zen lehenengo postuan, eta Hugo Villarroya (Emc-Team Iparralde U19) eta Ormazabal bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Taldekako saria F2 Informatica-SC Amorebietarentzat izan zen.
Junior kategoriako Bizkaiko Koparen egutegiko seigarren proba izan da Mendatakoa. 128 txirrindulari irten ziren, eta, horietatik 63 helmugaratu ziren: “”Iparraldetik, Nafarroatik, Kantabriatik eta Burgosetik etorri ziren taldeak”. Egurrola-Urdaibai eskualdeko taldeko hiru ordezkarik amaitu zuten Mendatako lasterketa. Ander Irabazal bederatzigarren helmugaratu zen, irabazlearengandik minutu 1 eta 22 segundora helmugaratu zen laukotean. Bingen Zatika hemeretzigarren eta Aner Larreategi berrogeitahirugarren sailkatu ziren.
Lasterketa “gogorra eta oso lehiatua” izan zela azpimarratu dute antolatzaileek. Arratzuko Herriko Tabernaren parean, errepibideko goraguneetan “istripu txiki batzuk”, erorikoak, izan ziren eta kolpeak artatu behar izan zizkieten. “Istripu larririk ez zen gertatu; tarte horretan beti erortzen dira txirrindulariak, antolakuntzako jendea egoten da abisatzen, baina salto egin eta kolpea hartzen dute”, azaldu dute Sociedad Ciclista Gernikesako arduradunek.
Bizkaiko Koparako hamar proba puntuagarri dituzte aurten. Mendatakoaren ostean, Mungian lehiatuko dute hurrengoa, zapatu honetan (ekainak 10). Gero, Igorren (uztailak 8), Sopuertan (uztailak 22) eta Sodupen (abuztuak 6) ariko dira txirrindulari gazteak.