Elkarteko kideek jakinarazi dutenez, ikerketara, prebentziora zein pazienteen eta senideen arretara bideratutako elkartearen programak eta zerbitzuak bultzatzeko erabiliko dute asteburuko azoka solidarioan bildutako dirua.
Barikutik domekara Bekoportalen aritu ziren Corte Inglesek emandako gauzak saltzen. Askotariko eskaintza eduki zuten: jostailuak, liburuak, aterkiak, bitxiak, fularrak… Eta herritarrek ahalik eta ekarpen gehien egiteko asmoz, merke saldu zituzten. Elkartekoek ekimenaren balorazio “oso ona” egin dute, eta “pozik” daude. Herritarren erantzuna azpimarratu dute elkarteko boluntarioek: “Primeran atera da. Bariku arratsaldean eta zapatu goizean zein arratsaldean jende asko etorri zen, eta gauza asko saldu genituen. Domeka goizean, berriz, gutxiago saldu zen. Euro 1en edo 2tan hasita, 10 eurora arteko prezioak egon dira”.