Txapelketa barikuan [ekainak 9] hasi eta uztailaren 16an amaituko da. Partida guztiak Uni frontoian jokatuko dira. Sarrerak salgai daude.

Iazko txapelketa “mugarri” izan zen, baina aurten Eraman Jai Alai enpresak marka guztiak gainditu nahi ditu: “Pilotaren Unibertsitatea 25 urtean horrelako zesta txapelketa arrakastatsurik bizi gabe zegoen. Betiko zesta zaleez gain, gazteak, familiak eta inguruetako herritarrak joan ziren iaz frontoira, eta aurten ere giro ederra edukitzea espero dugu. Publiko zabala, Jai Alaiaren denbora berri hauetan”. Hain zuzen ere, etorkizunera begira, puntista markina-xemeindar gazteak sartu dituzte: Alex Goitia, Gorka Mugartegi Atain eta Ion Ibarluzea. Horiekin batera, esperientzadun herriko beste bi seme: Jokin Arbe eta Jon Zabala.
Puntistak gazteak zein beteranoak pozik agertu dira belaunaldien arteko nahasteekin. Aritz Erkiaga: “Zaleentzako ere partida berriak ikusteko aukera ematen dute, eta ez betiko bikote berdinak”
Beteranoak eta gazteak nahastu dituzte. A multzoan daude Aritz Erkiaga-Ion Ibarluzea, Alex Goitia-Imanol Lopez eta Xabi Barandika-Thibault Basque bikoteak. Eta B multzoan Iñaki Osa Goikoetxea-Atain, Jokin Arbe-Unai Lekerika eta Jean Olharan-Jon Zabala. Barikuan [ekainak 9] hasiko da txapelketa lehen bi partidekin eta uztailaren 16an amaituko da. Ligaxkako hiru jardunaldietarako sarrerak salgai daude, 13 eurotan. Egutegia:
- Ekainak 9, barikua, 20:00etan:
ERKIAGA-IBARLUZEA vs BARANDIKA-BASQUE
ARBE-LEKERIKA vs OLHARAN-ZABALA - Ekainak 16, barikua, 20:00etan:
ALEX GOITIA-LOPEZ vs 1. Jardunladiko irabazlea (A multzoa)
GOIKOETXEA-ATAIN vs 1. Jardunaldiko irabazlea (B multzoa) - Ekainak 23, barikua, 20:00etan:
ALEX GOITIA-LOPEZ vs 1. Jardunladiko galtzailea (A multzoa)
GOIKOETXEA-ATAIN vs 1. Jardunaldiko galtzailea (B multzoa) - Uztailak 2, domeka, 18:00etan:
Lagunarteko partidua
LEHEN FINALERDIA - Uztailak 8, zapatua, 19:00etan:
Lagunarteko partidua
BIGARREN FINALERDIA - Uztailak 16, domeka, 18:00etan:
FINAL HANDIA
Puntistak gazteak zein beteranoak pozik agertu dira belaunaldien arteko nahasteekin; esan dute aldaketak “beharrezkoak eta garrantzitsuak” direla. Erkiaga iazko txapeldunak nabarmendu du “albiste ona” dela gazteak sartu izana: “Aurpegi berriak egotea beti da ona. Guretzako, presioa nabaritzeko eta atzetik datozen gazteak indartsu datozela ikusteko. Zaleentzako ere partida berriak ikusteko aukera ematen dutelako, eta ez betiko bikote berdinak”. Ispastertarrak Ibarluzea edukiko du bizkartzain. Iaz Gernika-Lumoko Grand Slamean bikotea osatu zuten partida batean. Aurrelariak esan du “ezagutzen” direla eta “gustura” jokatu duela markina-xemeindarragaz.
Erakusleihoa. Goitiak onartu du “aukera ederra” dela gazteentzako horrelako txapelketa jokatzea, baina berak ez duela denbora askorik eduki prestatzeko “unibertsitateko azterketekin eta lesio batetik irten berri” delako. Era berean, adierazi du gazteen erritmoa “bestelakoa” dela: “Profesionalena desberdina da. Hasieran kostatuko zaigu egokitzea, baina lortuko dugulakoan nago”. Markina-Xemeindarrak etxeko finala jokatu nahi du, baina batez ere “ikuskizuna eman” nahi du, “jendea frontoira erakartzeko”.
Bide beretik jo du Arbek. Lehendabizi, “ikuskizun on bat” eskaini nahi du: “Badakit nire jokoa emanez gero maila ematen dudala”. Lekerikagaz bikote “indartsua” dela esan du eta biak “sasoi puntu onean” heltzen direla: “Gure helburu nagusietako bat da udara ahalik eta hoberen heltzea eta horretarako prestatu gara; etxeko lanak egin ditugu”. Iaz ere bikotea osatu behar zuten, baina gernikarraren lesioagatik ezin izan zuten batera jokatu. Horregatik, txapelketa irabazteko “gose berezia” duela dio. Udara begira txapelketa “garrantzitsua” dela esan du; udan partida gehiago jokatzeko “erakusleihorik onena” dela aitortu du, baita Winter Seriesera begira ere.
Arbek eta Goikok uste dute txapelketa “orekatua eta berdindua” izango dela. Gaineratu dute “faborito argirik ez” dagoenez, “partidaz partida” jokatu behar dela. Zumaiarrak beste markina-xemeindar gazte bat edukiko du lagun atzeko koadroetan. Atainekin ez du orain arte partidarik jokatu, entrenamendu bateren baten zain dago, baina uste du “ondo” moldatuko direla elkarrekin. “Nire jokoa egiten saiatuko naiz, eta baita ere Gorkari ahalik eta gehien laguntzen. Lana ondo egiten badugu emaitzak helduko dira”.