Pablo Gonzalezi "babesa eta elkartasuna" erakutsi diote
Gonzalezen aldeko Elkartasun Eguna egin dute Elantxoben. Jasotako dirua Gonzalezen sostengurako izango da.
Hainbat herritar bildu zituen zapatuan [ekainak 3] Pablo Gonzalezen aldeko Elkartasun Egunak; horietako batzuk elantxobetarrak izan ziren, kazetariaren herrikideak, eta beste ugari, ostera, inguruko herrietatik bertaratutakoak.
12:00etan abiatu zuten egun osoko egitaraua. Ordurako, baina, jende dezente zegoen ekintzak hartu zituen Mentrame taberna inguruan. Josebak eta Argik trikitiak hartu bezain laster, jai giroari ekin zioten hurreratu ziren guztiek; ordubete inguruko musika saioa eman zuten. Jarraian, parrilladarako tartea egon zen; hain zuzen ere, egun osoan parrillako jatekoa edota ogitartekoak dastatzeko aukera eduki zuten Mentramen.
Eguerdian, unerik hunkigarriena iritsi zen. Pablo Gonzalezi maitasuna erakutsi asmoz, bertso bat paperean idatzi zuten eta, ondoren, hurbildutako guztien artean banatu zituzten bertsopaperok. Guztiek ahots bakarrera abesteagaz batera, “babes eta elkartasunagaz hunkituta” amaitu zutela adierazi dute ekimena antolatu zuten Gonzalezen kuadrillakoek: “Oilo ipurdia ipini zitzaigun denoi, eta negar malkoren batek ere ihes egin zigun”.
Antolatzaileek oraindik ez dakite zehazki zein diru kopurugaz lagundu ahalko dioten Gonzalezi, baina aurreratu dute “etekin den-denak” bere sostengurako izango direla
Bazkalorduan banatutako marmitakoak eta sukalkiak “hegan” egin zuela ere azaldu dute: “Bertaratu zirenak oso asebeteta geratu ziren jan-edanagaz eta giroagaz”. Gonzalezen aldeko merchandising postuan ere jendea etengabe erosten aritu zen; kamisetak izan ziren gehien saldu zituztenak. Gauean The Smoke Dealers taldeak ordu bi inguruko kontzertua eman zuen. Emanaldi horregaz borobildu zuten eguneko egitaraua.
“Azken aldia izan dadila”. Antolatzaileek eguneko balorazio “bikaina” egin dute. Oraindik ez dakite zehazki zein diru kopurugaz lagundu ahalko dioten Gonzalezi, baina aurreratu dute “etekin den-denak” bere sostengurako izango direla: “Hori eta gehiago merezi du. Espero dugu Elkartasun Egun hau egin behar dugun azken aldia izan dadila”.