Eskualdean landu eta egindakoa gogoratu dute Gure Eskuren 10. urteurrenean
Gure Eskuren 10. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin zuten atzo [ekainak 4] Bermeon, eta orain arte egindakoak eta zehaztutako erronkak gogoratu zituzten.
Gure Eskuk 10 urte bete ditu, eta Busturialdeko Gure Eskuren ibilbidea gogoratu eta ospatzeko eguna izan zen atzokoa [ekainak 4] Bermeon. “10 urtetan gauza asko egin dira, eta lagun askoren laguntza izan dugu”, adierazi dute Gure Eskuko kideek.
12:00etan hamaiketakoa jan zuten Kabidxen, eta 13:00etan EinGo taldearen laguntzagaz kalejira egin zuten; Goiko plazatik portura joan ziren, eta kalejira musikatua Alde Zaharrean amaitu zen. Kafe Antzokian bazkaldu zuten, eta bazkalostean Miren Amurizaren eta Beñat Gaztelumendiren bertsoekin gozatu zuten.
Uztailean Tourra Urdaibaitik pasatuko dela eta, ikurrin erraldoia osatzeko deia egin dute
Urteurren egunean, 10 urtetan egindakoak errepasatu zituzten, hasierako ekintzetatik gaur egunekoetara arte. “Giza katea ekimen oso arrakastatsua izan zen. Bermeotik 19 autobus antolatu genituen zegokigun kilometroa josteko. Ostean, adierazpena adostu genuen herriko pertsona desberdinek, eta Bermeoko herritarrok gure erabakitzeko eskubidea gauzatzea eskatu genuen”. Gero, ordezkari agiria sinatu zuten: “Bermeoko Udalak Euskal Herriaren burujabetzaren defentsa egin zuen, eta hori berresteko ekitaldia izan zen”.
2017ko apirilaren 2an, ostera, herri galdeketak antolatu zituzten. “Lan karga handia” izan zela gogoratu zuten, baina “esperientzia oso ona” izan zela azpimarratu zuten; %20 eta %45 arteko parte hartzea izan zen, eta gehiengoak baiezkoa bozkatu zuen. “Emaitzetatik harago, elkarlanean lagun desberdin asko egon ginen. Herrien arteko sarea eratu zen eta jabekuntza ekimena izan zen, historiarako geratu dena. Lehenengo aldiz gure etorkizunerako zer gura genuen galdetu ziguten”.
Udazkenean, Mundakan, Ibarrangelun eta Elantxoben egin ziren herri galdeketak, eta geroago antolatu zituzten Giza Katea, Gaztelugatxe argitzeko ekimena edota Gernikako Batzarretxeko agerraldia. Azkenik, iaz, herrialde katalanak eta Euskal Herria lotzen dituen mendien argitzea eta Bermeoko olatu horma zelan argiztu zituzten gogoratu zuten.