Busturialdea bidean da
Erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten domekan Busturialdean. 44 hautetsontzitan botoa eman zuten 11.792 herritarren %94,93 estatu independente baten alde agertu ziren.Herritarron esku dagoen guztia egingo du- gu erabakia gauzatu dadin. Ez diezagula inor...
Erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten domekan Busturialdean. 44 hautetsontzitan botoa eman zuten 11.792 herritarren %94,93 estatu independente baten alde agertu ziren.
Herritarron esku dagoen guztia egingo du- gu erabakia gauzatu dadin. Ez diezagula inork esan helburuaren izuz bidea ere egiteko gai izan ez ginenik. Ibiliz egingo dugu bidea, erabakiz ikasiko dugu erabakiaren bidea. Erabakitzen hasi gara eta bide honek ez du etenik». Gure Esku Dago dinamikaren ordezkari Josu Etxaburuk mezu hori zabaldu zuen domeka iluntzean, Gernika-Lumoko Pasealekuan egin zuten agerraldian. Emaitzen berri eman zuten bertan. Busturialdean, guztira, %32,07k parte hartu zuen 16 herritan eta Kanalan egin zituzten galdeketetan. 44 hautetsontzitan, guztira 11.792 herritarrek gauzatu zuten erabakitzeko eskubidea, eta %94,93k Euskal Herria estatu independentea izatearen aldeko botoa eman zuen.Olatuz olatu, eskualdez eskualde eta herriz herri, herritarren konpromisoak eta borondateak mugarik ez duela esan zuen Etxaburuk.
Eskualdeko herri handienetan, Bermeon eta Gernika-Lumon, 3.921 eta 3.847 herritarrek eman zuten botoa, hurrenez hurren. Herri txikietako parte hartzea ere nabarmentzekoa izan da. Kanalan, esate baterako, hautesleen %78,95 izan ziren botoa eman zutenak; %74,09koa izan zen parte hartzea Nabarnizen; %71,98koa izan zen Arratzun eta %68,78koa Ereñon, besteak beste.
Hala, datuak datu, balorazio positiboa egin du Gure Esku Dago-k, eta eskualdean erreleboa hartuko du Ibarrangeluk. 2017ko udazkenean herri galdeketa egiteko asmoa agertu du.
Domekan, 09:00etan zabaldu zituzten mahaiak herri gehienetan. Ordu horretan egin zuen Gure Esku Dago-k lehen agerraldia, Bermeon, eta ordu horretan eman zuten botoa Bermeoko Udalean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariek. «Erabakitzen hasi gara, eta erabakitzen jarraituko dugu», esan zuen herri dinamikaren bozeramaile Ana Tere Bengoetxeak.
Herri galdeketez gain, garrantzi handiko beste ildo berri bat martxan jarri dutela azaldu zuen, Herritarron Ituna: Erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak biltzen dituen itun demokratikoa da, hain zuzen ere. Ekainaren 10ean aurkeztuko dute Bilbon, eta mobilizazio jendetsua deitu dute aurkezpena egiteko. «Egun horretan guztion artean adieraziko dugu euskal herritarrok erabakitzeko prest gaudela, eta galdetuak izan nahi dugula», adierazi zuen Bengoetxeak.
Nahia adierazteko sasoia
Galdetuak izan nahi dutela adierazi zuten, baita, adineko boto emaileek. Gernika-Lumon, kasurako, 1937an bonbardaketa bizi izan zutenek aipatu zuten herritarren iritzia aspaldi jasota behar zukeela. Merkurio iturrian eman zuten botoa Estibaliz Bidagurenek eta Javier Alberdik. Gernikarrak biak, 85 urte ditu Bidagurenek, eta 90 bete behar ditu Alberdik. «Guk gaur aukera izan dugu iritzia emateko, baina askok ez dute aukera hori eduki» aipatu zuten, «herriari galdetzearena aspaldi egin behar zen gauza bat da». Erabakitzeko garaia dela nabarmendu zuten, domekakoa pauso bat izan dela eta zerbaitetarako balio behar duela.
86 urterekin, Jesus Maria Agirremalloak ere Merkurion bozkatu zuen. «Bada sasoia nork bere iritzia emateko eta bere nahia adierazteko», esan zuen. Gernikako bonbardaketaren ostean Frantziara alde egin behar izan zuela aipatu zuen, eta handik bueltan herria oraindik suntsituta topatu zuela. «Venezuelara joan nintzen gero, eta 13 urte eman nituen han. Baina nik hemen bizi nahi dut, Euskal Herrian», azaldu zuen. Herri galdeketetan parte hartzeak bere balioa badu, Agirremalloaren esanetan: «Bidea zabaltzeko balio du, eta gero, ikusiko da».
Agirremalloagaz batera botoa eman zuen maiatzean 95 urte bete behar dituen Romana Monasteriok. Iritzia ematea egin beharrekoa eta garrantzitsua dela aipatu zuen. 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zutenean, Errenterian zegoen Monasterio: «Astelehena zen, eta amagaz azokara etorri nintzen, astoan arrautzak eta salgaiak ekarrita. Baina Errenterian geundela, hegazkinak ikusi genituen. Beraz, gure gauzak Goiritxu tabernan utzi eta errepidetik etxera bueltatu beharrean, beldurrez, erreka izkinatik egin genuen bidea. Etxera heltzea lortu genuen, eta pozik. Gero, iluntzean, etxetik atera eta Gernika osoa sutan ikusi genuen».
80 urte geroago, herri galdeketan parte hartu zuen, Euskal Herriaren geroari buruz erabakitzea «garrantzitsua» delako; «Euskal Herrikoa naiz, eta Euskal Herria niretzat dena da». Galdeketek bere balioa badutela uste du Monasteriok. Dioenez, «galdetzen duenak zerbaitegatik galdetuko du ba».
Politikarien botoak
16 urtetik gorako herritarrak deitu dituzte parte hartzera, eta, 16 urterekin, eskubide hori gauzatu zuen Jon Oribe Albizuk. Gazteek ere iritzia emateko eskubidea dutelako, parte hartzea garrantzitsua dela zioen: «15 urtetik gorakoek gure iritzia badugu, eta berau islatzeko aukera dugu gure botoaren bidez».
Gazte, nagusi eta adineko, botoa ematera joan zirenen artean aurpegi ezagunak ere izan ziren, politikariak tarteko. Bermeon, 09:00etan alderdi guztietako udal ordezkariek erabakitzeko eskubidea elkarregaz gauzatu zuten, botoa emanez. Kanalan, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak ere botoa eman zuen goizean. Gernika-Lumoko EH Bilduren zinegotziek ere elkarregaz eman zuten botoa, 12.30ean, Pasealekuan.