Gernika Sporting, igoera lortzeko pauso bakarrera
Lehentasunezko Mailara igotzeko play-offean, talde gernikarrak 3 eta 0 irabazi dio Retuertori. Ondorioz, zapatuan [ekainak 10] jokatuko du igoera faseko bigarren eta azken partidua.
Lehentasunezko Mailara igotzeko borrokan azken pausoa gelditzen zaie Gernika Sporting taldeko jokalariei. Retuertoren aurkako play-offen lehenengo norgehiagoka 3 eta 0 irabazi du talde gernikarrak etxean, eta etxetik kanpo erabakiko da igoera fasea asteburuan; zapatuan [ekainak 10], 17:30ean izango da aurrez aurreko erabakigarria.
Kanporaketa etxetik urrun erabakiko denaren jakitun, emaitza on bat lortzeko asmoz zelairatu ziren Gernika Sportingeko jokalariak. Espero baino hobeto aritu ziren, eta markagailuak islatzen duen nagusitasuna berdegunean ere izan zuten talde gernikarrekoek.
Indartsu hasi zuten partidua, 5. minututan Ugaitz Bilbaok sartutako golak “asko lagundu” baitzien partidua bideratzen. “Oso arin aurreratu ginen markagailuan, eta, gainera, 10. minutuan Retuerto jokalari bat gutxiagogaz geratu zen”, azaldu du Mikel Jaio kapitainak. Hala ere, ez zuten burua galdu, eta “zoratu barik” jarraitu zuten jokatzen.
Lehen zatia 1 eta 0 amaitu zuten, baina Sportingekoek bazekiten jokalari bat gutxiago edukitzeak lehenago nekatuko zituela aurkariak: “Garrantzitsua zen bigarren gola sartzea, gol bateko aldeagaz partiduan sartzeko aukerak zituztelako”. Eta, bigarren gola, lehen zatian gertatu moduan, bigarren zatiko lehenenengo minutuetan ailegatu zen; Ander Aranazek lortu zuen 50. minutuan. Erasoan jarraitu zuten talde gernikarrekoek, eta Jaiok berak lortu zuen hirugarrena 60. minutuan. “Ordu erdi geratu zitzaigun beste golen bat sartzeko eta kanporaketa bideratuta uzteko, baina ezin izan genuen lortu, aukeraren bat edo beste izan genuen arren”, azaldu du kapitainak. Hala ere, “pozik” daude lortutakoagaz.
Igoera hurbilago ikusten dute, baina ez dute ezer irabazi gura
Atea hutsean mantendu zuten Gernika Sportingekoek, “eta hori oso garrantzitsua” dela diote. “Han, guk gol bakarra sartuz gero, eurek 5 sartu beharko dituzte. Eta, guk, normalean, golen bat sartu ohi dugu gure partiduetan. Zaila izango da eurentzat”, azaldu dute.
Aurrera begira. Hurrengo partidua zuhurtziaz jokatuko dutela diote: “Ez daukagu igoera lortuta, baina lehenengo pausoa ondo eman dugu. Igoera hurbilago ikusten dugu, baina ez dugu ezer ospatu gura. Badakigu guk irabazi dugun moduan eurek ere irabaz dezaketela. Partidu serioa egin behar dugu”.
Horrela, “irabaztera” zelairatuko dira zapatuan [ekainak 10], beste partidu bat izango balitz bezala lehiatzera eta irabaztera: “Ezin gara lasai aritu, gure helburua da beste partidu bat izango balitz bezala jolastea eta irabaztera. Ez dugu gure jokamodua aldatuko kanporaketa irabazten ari garelako”.