Aitor Etxebarriazarraga da Argi Baltza lehiaketako lehen finalista
200,5 puntugaz irabazi zuen atzo [ekainak 4] Gautegiz Arteagako lehenengo kanporaketa, eta finalera sailkatzea lortu du. Domekan [ekainak 11] Mendatako Idatze Etxean lehiatuko dute bigarren saioa.
Gautegiz Arteagako Aretxederreta kultur etxea bete zuen atzo [ekainak 4] Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako lehenengo kanporaketak. Ondokoak aritu ziren bertsotan: Aitor Etxebarriazarraga gernika-lumotarra, Enare Muniategi gautegiz artegarra, Aissa Intxausti lekeitiarra, Oihana Arana, Irati Alcantarilla eta Ander Sarriugarte. Horien guztien artean Etxebarriazarraga izan zen onena.
Gautegiz Arteagako garaipenagaz, Muxikan ekainaren 25ean lehiatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen bertsolari gernikarrak; iaz ere bera izan zen sariketako lehenengo kanporaketaren irabazlea. Kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta beste hirurak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
200,5 puntu lortu zituen irabazleak, eta berak baino 7,5 puntu gutxiago bildu zituen bigarren sailkatu zen Aranak (193 puntu). 184,5 puntu jaso zituen Intxaustik, eta berak baino puntu bat gutxiago Alcantarillak. Sarriugartek 180,5 puntuko balorazioa eduki zuen, eta Muniategik 164,5ekoa.
Mikel Retolazaren gidaritzapean aritu ziren bertsolariak
Atzoko saioan 50 ikus-entzuleren aurrean bota zituzten bertsoak, eta antolatzaileak “pozik” agertu dira kultur etxea ikus-entzulez bete zelako. Mikel Retolazaren gidaritzapean aritu ziren bertsolariak, eta saio ona egin zuten.
Hurrengoa, Mendatan. Ikusleen erantzuna ona izan zen, eta Mendatako hurrengo saioan hori mantentzea espero dute antolatzaileek. Domekan [ekainak 11], 18:00etan Mendatako Idatze etxean batuko dira bertsozaleak, eta horretan ondoko bertsolariak ariko dira: Koldo Gezuraga gernika-lumotarra, Koldo Muñiz ibarrangelutarra, Ane Zuazubiskar iazko irabazlea, Naroa Torralba, Iker Garitagoitia eta Maddi Sarasua.