Laia Floresek zuzenduko du Gernika datorren denboraldian
Lointek Gernika Bizkaia talde gernikarreko lehenengo fitxaketa da.
Laia Flores fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak, eta Itziar Ariztimuñogaz batera, taldearen gidaritza hartuko du Spar Uni Gironatik etorriko den jokalariak. Iaz, bataz beste, 6,4 puntu, 3,7 errebote eta 2,5 asistentzia lortu zituen Endesa Ligan, eta 4,1 puntu, 3,9 errebote eta 2,7 asistentzia Euroligan.
Kataluniarrak esan du “ilusio handiagaz” helduko dela udalerrira, eta taldearen azken denboraldietako emaitzak nabarmendu ditu: “Azken urteetan lan bikaina egin da Gernikan, beti sailkapenaren goiko postuetan borrokatzen egon da”. Mario Lopez entrenatzaileagaz Espainiako Selekzioan aritu zela gogoratu du, eta “gogotsu” dago Malosten etxeko jokalari modura lehiatzeko. “Taldeari gidaritza eta erritmoa ezarri gura dizkiot, eta nire mailarik onena erakutsi gura dut, ahalik eta lehiakorrena izateko. Gainera, herria, kluba eta Marea Granatea ezagutzeko gogoa daukat”, azaldu du.
Lopez ere “pozik” dago Floresen fitxaketagaz: “Esperientziadun jokalaria da, eta, Itziarregaz alderatuta, bestelako ezaugarriak betetzen ditu. Horrenbestez, oreka handia lortuko dugu antolatzaile postuan, eta bi erritmo sartzeko aukera edukiko dugu”. Entrenatzaileak dio, erasoako jokoan “irakurketa ona” egiten duela, urrutitik jaurtitzeko gaitasuna duela, eta taldekideei asistentziak banatzeko erraztasuna ere badaukala. “Defentsa lan handia egiten duen jokalaria da, errebotean asko laguntzen du. Jokalari adimentsua da, eta baloiak lapurtzeko abilezia dauka”.
Gaur gaurkoz, lau dira Lointek Gernika Bizkaian 2023-2024 denboraldirako baieztatu dituzten lehen jokalariak: Flores bera, Itziar Ariztimuño, Roso Buch eta Sofia Da Silva.