Badatoz euskal produktuei balioa emateko Azoka Bereziak
Biharko lehenengo Azoka Berezian Urdaibaiko Txakolina izango da protagonista nagusia.
Ekainetik abendura, hilabeteko lehen zapatuetan, Azoka Berezia egiten dute Gernika-Lumoko Merkatu plazan, eta lehenengo hitzordua jarri dute biharko. Azoka Berezien helburua da euskal produktuei balioa ematea, eta zeregin horretan lan egiten jarraitzeko asmoa du udalak.
Biharko lehenengo Azoka Berezian Urdaibaiko txakolina izango da protagonista nagusia, eta hori dastatzeko aukera edukiko dute azokara bertaratzen direnek, izan ere, txakolin dastaketa egingo dute.
Txakolinaz gain, 09:00etatik 14:30era bitartean, hainbat ekoizleren erakusmahaiak egongo dira Merkatu plazan, eta hurreratzen direnen eskura jarriko dituzte era guztietako frutak eta barazkiak. Artisauek ere euren eskaintza erakutsiko dute, eta kalitate handiko produktuak erakutsiko dituzte.
Aurreko urteetan legez, umeek ere lekua edukiko dute zapatuetako Azoka Berezietan, eurentzako jolasak egongo baitira bertan.