Gazte mailako txirrindulariek Bizkaiko Kopako proba lehiatuko dute Mendatan
Zapatuan [ekainak 3] 10:00etan Mendatako Elizaldetik abiatuko da 85,3 kilometroko ibilbidea duen 33. Mendatako Sari Nagusia.
33. Mendatako Sari Nagusiak gazte mailako txirrindulariak batuko ditu zapatuan [ekainak 3]. Gernikesa Txirrindulari Elkarteak eta Mendatako Udalak elkarlanean antolatu dute junior edo gazte mailako lasterketa, eta aurtengoa Bizkaiko Kopa lehiaketarako puntuagarria izango da; Iñigo Uriak (Alimco-Campagnolo) lidergoa defendatu beharko du Mendatan.
10:00etan Mendatako Elizaldetik abiatuko da 85,3 kilometroko ibilbidea duen lasterketa eta hiru zatitan banatuko dute: Arratzuko tartea, Muniketaganekoa eta Bizkaiko Begiratokikoa. Azken hori erabakigarria izango da, zortzi kilometro besterik ez direlako geratuko helmugarako, denak maldan behera.
Eleizaldetik aterako dira txirrindulariak, eta lasterketaren lehendabiziko zatian birritan egingo dute Arratzuko zirkuitua: Gernika-Lumo, Ajangiz, Zarrabenta, Ibertxu eta Arratzu lotzen ditu. Ondoren, Eleizaldera itzuliko dira eta probaren bigarren zatiari ekingo diote: mendateak. Izan ere, Mendatatik Urrutxurako bidea hartuko dute, eta Muniketagane igoko dute, Zugastietara jaisteko; ostean, Urrutxura igongo dira berriro, Ajuriatik barrena. Atzera Mendatara bueltatuko dira gero, eta, handik, Munitibarrera joko dute, Astorkiganeko mendatetxoa igarota; Munitibartik Bizkaiko Begiratokira igongo dira, mendatea beste aldetik jaitsi eta irteera hartu duten Mendatako Eleizalde auzoan bukatuko dute proba.
Iaz, Ibai Azanzak irabazi zuen Mendatako Sari Nagusia irabazi du, Mikel Uncilla eta Markel Belokiren aurretik; irabazlea, gainera, Euskadiko Txapelduna izendatu zen.