Garazi Asla eta Naia Arrazua, gimnastika erritmikoko Euskadiko Txapelketaren atarian
Absolutu mailako gimnastikalari biek taldean parte hartuko dute domekako [ekainak 4] lehiaketan.
Aslak eta Arrazuak taldea osatuko dute eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako puntako gimnastakalariekin batera lehiatu beharko dute domekan [ekainak 4] Leioan jokatuko den Euskadiko Txapelketan. Aslak uztaia eta mazak erabiliko ditu, eta Arrazuak zintekin lehiatuko du. Xixili Gimnastika Taldetik “aurreikuspen handiak” dituztela adierazi dute. Izan ere, biak ala biak “sasoi puntu bikainean” iritsiko dira hitzordu horretara. Arrazua, hain zuzen ere, oinarrizko mailan Espainiako txapelduna izan zen, eta biak Bizkaiko Txapelketan taldekako garaile izan ziren. Horrenbestez, “nahitaez hautagaietako bat” da lehiatzen duen proba guztietan.
Edozelan ere, aurrez aurre edukiko dituzte gimnastika erritmikoko zirkuituko klubik onenak: Sakoneta, Donostia, Ipurua, Tolosarra eta Gasteiz. Euskadikoaren ondoren, Espainiako Txapelketa izango dute jomuga biek; lehia horrek oraindik ez du data finkorik, baina Xixilikoek diote “uztail inguruan” egingo dela.
Gazteenak ere, goi mailan. Absolutu mailakoez gain, Gaztetxo, Senior B eta Senior+ kategorietako gimnastikalariek ere Euskadiko Txapelketa lehiatu zuten joan den asteburuan, leku berean. Senior B mailan, Xixilik talde bi aurkeztu zituen: Xixili 1 taldean Oihane eta Ainhoa Egaña aritu ziren; Xixili 2 taldean Oihane Larrauri eta Itxasne Elorza; senior+ kategorian Izaskun Hormaetxea eta Lydia Ferrero. Egañatar biek osatutako taldeak hirugarren postua lortu zuen Euskadiko Txapelketan, eta hemeretzigarrena Larraurik eta Elortzak osatutakoak. Bestalde, gimnastikalari gaztetxoenak bosgarren sailkatu ziren. Asteburukoa izan zen Xixilikoen denboraldiko azkenengo lehiaketa erregularra.