Pablo Gonzalezi elkartasuna erakutsiko diote Elantxoben
Kazetari elantxobetarraren aldeko eguna egingo dute zapatuan [ekainak 3], egun osoko egitarauagaz.
Gonzalezen kuadrillakoena izan zen kazetariaren omenezko eguna egiteko ideia, martxoan Nabarnizen egindako ospakizun egunaren ondoren. Lagunarteko antolatzaileek azaldu dute Gonzalez elantxobetarra izanik, “guztiz beharrezkoa” zela bere udalerrian omenaldia eta elkartasun keinua egitea. Hori horrela, Elantxobeko Mentrame taberna hautatu dute kokaleku zapatuko egun osoko egitaraua egiteko. Era berean, kuadrillakoen artean ernaldutako egitasmoa izan arren, “herritar gehiago ere” bildu direla azaldu dute.
12:00etan hasiko dute eguna, triki poteoagaz; Joseba eta Argi izango dira zuzeneko musikagaz girotzeko arduradunak. Eguerdian parrilladaren txanda izando da. Antolatzaileek aurreratu dute “denetarikoak” egongo direla jateko: txistorrak, haragia, hirugiharra, eta abar. Tarte horretan, bestalde, bertaratzen direnen artean bertso bat osatuko dute, eta bertso-paperetan idatziko dute; guztien artean banatu ondoren, denen artean abestuko dute.
Bazkalorduan bertan geratzeko aukera ere egongo dela zehaztu dute. Izan ere, sukalkia eta marmitakoa banatuko dituzte herritarren artean. Horrez gain, egun osoan Gonzalezen aldeko produktuz osatutako salmenta postua ere egongo dela iragarri dute; poltsak, potoak, intsigniak eta bestelakoak salduko dituzte. 19:00etan, zuzeneko musika bueltatuko da: The Smoke Dealers taldeak kontzertua emango du. Besteren artean, rock talde klasikoen bertsioak joko dituztela adierazi dute. Merchandising postutik, pintxoetatik, poteotik, parrilladatik eta bazkaritik ateratako diru guztia kazetariaren sostengura bideratuta egongo da. Horretarako, #FreePabloGonzalez plataforma baliatuko dute.
Oihana Goiriena (Gonzalezen emaztea): “Pablo oraindik preso arriskutsu legez sailkatuta daukate, isolamenduan, eta eguneko 24 orduetatik 23 zeldan ematen ditu”
Gehien behar denean. Duela astebete jakinazi zion Poloniako Justiziak Gonzalezi bere behin-behineko espetxealdiaren luzapena; hamabost hilabete kartzelan egin ostean, beste hilabete biko luzapena ezarri zioten. Epai hori argudiatzeko arrazoiak, baina, ez dituzte plazaratu. Oihana Goiriena Gozalezen bikotekide nabarniztarrak azaldu du Gonzalezen egoerak “bere horretan dirauela”: “Oraindik preso arriskutsu legez sailkatuta daukate, isolamenduan; eguneko 24 orduetatik 23 zeldan ematen ditu, orain beste preso bategaz elkarbanatzen duen arren. Segurtasun goreneko moduluan dago, bere ikasketekin jarraitzeko baimen barik; gainera, gutun bidezko komunikazioa atzerapen izugarriagaz bizi du”.
“Ederra da ikustea Pabloren lagunak eta hurrekoak oraindik bere alde borrokatzeko prest daudela, esperantzari eusten diotela”
Elantxobeko egitasmoaren inguruan, “esker oneko berbak” baino ez ditu Goirienak: “Nabarnizen egindakoaren ostean, espero genuen; edozelan ere, senide legez harrotasunez nahiz pozez betetzen nauen keinua da. Egoera oso makurra den arren, ederra da ikustea Pabloren lagunak eta hurrekoak oraindik bere alde borrokatzeko prest daudela, esperantzari eusten diotela”.
#FreePabloGonzalez plataformari dagokionez, Gabonen ostean diru ekarpenen “beherakadatxoa” egon zela azaldu du nabarniztarrak: “Urteko sasoi horretan, normalean, jendea solidarioago ibili ohi da; dena dela, badira gutxi batzuk hilero-hilero ekarpenak egiten dituztenak. Denei, eta bereziki azken horiei eskerrik beroenak eman gura dizkiet. Pablok, atzerapenagaz baldin bada ere, elkartasun horren guztiorren berri edukiko du”.