Bisoiaren ugalketa errespetatzeko, oinezkoen bidearen obra gelditzea erabaki du udalak
Astelarra eta Kurtzero batzeko obra duela pare bat aste zen hastekoa, baina obra hori gelditzea erabaki dute udal ordezkariek. Bisoiaren ugalketa prozesua errespetatuta, obrak uztailean abiatzea aurreikusten dute.
Mugikortasun eredu jasangarri baten aldeko hautua egin du Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Udalak, eta oinezkoentzako zein bizikletentzako ibilbide sare bat osatuz, auzoen arteko lotura hobetzen jarraitu gura du. Hala, Kurtzero eta Elizalde batzen dituen bidea egin ostean, Astelarra eta Kurtzero batzeko obra hastear zegoen duela aste pare bat, baina obra hori gelditzea erabaki dute udal ordezkariek, bisoiaren ugalketa prozesua errespetatzeko.
“Obren eremua zehazten ari ginela konturatu ginen bisoia ugalketa prozesuan dagoela, eta obrak gelditzea erabaki genuen, ugalketa prozesua amaitu bitartean”, adierazi du Jon Basterretxea jarduneko zinegotziak. Ondorioz, obrak uztailean abiatuko direla aurreratu du. Izan ere, Basterretxeak dio “ezinbestekoa” dela bisoiaren segurtasuna eta ongizatea bermatzea, galtzeko zorian dagoen espeziea delako: “Arriskuan dauden espezieak eta ingurunea errespetatu behar dira, oso garrantzitsua da hori. Eta herritarrei jakinarazi gura diegu bisoiaren ugalketa amaitzean hasiko ditugula lanak”.
Oinezkoen bidea. Kurtzero eta Astelarragaz batuko duen bide horia erreka ertzetik egingo dute, auzo biak konektatzeko eta aisialdirako ibilbide atsegina sortzeko. Bide hori egindakoan, Astelarra zerbitzu gune batekin batuko lukete. Izan ere, Kurtzeron daude zerbitzu gehienak: farmazia, autobus eta tren geltokia, liburutegia, medikua…
Jarduneko udal ordezkariek diotenez, bide berri horrek oinezkoen bide segurtasuna hobetzeaz gain, kotxeak gutxiago erabiltzea sustatuko du. Eta hori apurka-apurka herri eta auzo guztietara zabaltzea da asmoa.