Gernika Sporting, Lehentasunezko Mailara igotzeko play-offetan lehenengoz
Retuerto Sport taldearen aurka jokatuko dute Lehentasunezko Mailara igotzeko play-offa. Zapatuan [ekainak 3] Urbietan jokatuko dute lehenengo aurrez aurrekoa, eta hurrengo asteburuan erabakiko da play-offa.
Lurralde mailako kategoria mantentzea zen Gernika Sportingekoen denboraldi hasierako helburua, baina ezustekoa eman du, eta talde gernikarra Lehentasunezko Mailara igotzeko play-offetara sailkatu da. Bigarren postuan amaitu dute Lurralde mailako denboraldia, eta beste multzoan bigarren postuan amaitu duen Retuerto Sport taldearen auka jokatuko dute play-offa. Ametsa egia bihurtzeko joaneko eta bueltako bi partiduak dituzte aurretik: zapatuan [ekainak 3] 19:00etan lehiatuko dute lehenengo aurrez aurrekoa Urbietan, eta hurrengo asteburuan erabakiko da zein izango den mailaz igoko den taldea.
“Denboraldi hasierako helburua kategoria mantentzea zen. Baina jardunaldiek aurrera egin ahala, ikusi genuen taldea ondo lehiatzen ari zela, goiko postuetan egoteko gai ginela, eta orduan hasi ginen ikusten play-offetara sailka gintezkeela”, azaldu du Mikel Jaio taldeko kapitainak.
Play-offa lehiatzeko “kristoren” ilusioa dute jokalariek, Gernika Sportingen 41 urteko ibilbidean lehenengoz sailkatu direlako fase horretara: “Sporting inoiz ez da Lehentasunezko Mailan egon, eta herriko jendeagaz helburu hori lortzeko lehiatzen egotea sekulakoa da. Kuadrilla bat gara, eta bi partidu hauek jokatzeko sekulako ilusioa daukagu”.
Retuertoren aurkakoa “gogorra” izango dela aurreikusten dute taldekideek. Bi taldeek ez dute elkar ondo ezagutzen, baina talde gernikarrekoek partidu “zailak” aurreikusten dituzte. “Imajinatzen dugu, bigarren postuan sailkatu badira, talde ona izango direla eta zailak izango direla euren aurkako neurketak, bai etxekoa bai kanpokoa”, azaldu du Jaiok.
Sentsazio onekin ailegatu dira play-offetara
Dioenez, etxean emaitza “ona” lortzea izango da mailaz igotzeko gakoetako bat. Etxean sendo aritu dira denboraldia osoan; Urbietan lehiatutako partiduetatik bakarra galdu dute, eta bolada horrekin jarraitzeko asmoa dute: “Urte guztian partidu bakarra galdu dugu etxean, eta hasieratik norgehiagokak irabazten joan ez arren, sufritzen jakin dugu. Partidu horietako asko amaieran irabazi ditugu, eta badakigu hemen irabazteko aukera asko ditugula. Emaitza on bategaz joan gura dugu bigarren partidura”.
Eta sentsazio onekin ailegatu dira, maiatzeko norgehiagoka guztiak irabazi baitituzte: “Denboraldia holan amaitzea positiboa da. Garrantzitsua da play-offetara motibatuta eta konfiantzagaz heldu garelako”.
Denboraldiaren balorazioa. Gabonetan edota Aste Santuan gorabehera batzuk eduki zituzten arren, denboraldi “oso ona” osatu dute Gernika Sportingeko jokalariek, eta Gabonen osteko hiru hilabeteetan egindako lana azpimarratu dute. “Hiru hilabete horiek urteko onenetarikoak izan ziren”, adierazi du kapitainak.
Herritarrei zapatuan [ekainak 3] Urbietara gerturatzeko deia egin diete
Emaitza horiek taldeko giroaren isla direla dio, talde “ona” osatzea lortu dutelako. Azken urteetako egitura mantendu dute, elkar ondo ezagutzen dute, eta urteak daramatzate elkarrekin jokatzen. “Aurten, gainera, gazte mailatik igo diren bizpahiru jokalarik asko lagundu digute, baita goragoko kategorietatik etorri diren beste jokalari batzuek ere. Talde honetara batu dira, eta joko maila igotzea lortu dugu”.
Azken txanpa geratzen zaie, eta zaleen laguntza behar dutela diote. Hala, zapatuan [ekainak 3] Urbietara gerturatzeko deia egin diete: “Etorri diren guztietan euren presentzia nabaritu dugu. Azken pausoa geratzen da eta etortzera animatzen ditugu”.