"Lidergoa hartzea tokatzen zaigu, eta denekin berba egiteko asmoa dugu"
Udal eta foru hauteskundeetan herritarren ordezkariak nortzuk izan behar ziren bozkatu zuten herritarrek, eta aldaketa handiena Gernika-Lumo egon zen: EH Bildu izan zen bozkatuena.
12 urte eta gero, EH Bilduk berriro irabazi ditu udal hauteskundeak Gernika-Lumon. Hala ere, koalizio abertzalearen, Guztiontzat Herria herri hautagaitzaren eta EAJren arteko boto kopurua berdintsua izan da: sei zinegotzi lortu dituzte EH Bilduk (2.844 boto) eta Jose Maria Gorroñoren herri hautagaitzak (2.628 boto), eta bost ordezkarirekin geratu da EAJ (2.500 boto). Jose Ramon Bilbao Buli EH Bilduren alkategaiak esan du hauteskundeen emaitzak “herriaren aniztasunaren isla” direla.
12 urte eta gero, aldaketa heldu da Gernika-Lumora: EH Bildu izan da alderdi bozkatuena. Zelan baloratzen dituzu emaitzak?
Emaitzek erakusten dute Gernika-Lumo herri anitza dela, plurala. Aspaldiko partez, hiru aukera nagusi jarri dira mahai gainean, eta jendeak guri eman digu botoen gehiengoa. Beraz, guri tokatzen zaigu hurrengo lau urteetarako udal gobernuaren lidergoa hartzea.
Alde estua egon da, horrenbesteko alde estua espero zenuten?
Azken urteetan Gorroño eta EAJ batera aurkeztu dira udal hauteskundeetara, eta egia da zer gertatuko zen ez genekiela. Alderdi jeltzalea 2011n aurkeztu zen azken aldiz bakarka, eta Gorroño 2007an EAgaz, gero ANVgaz koalizioa egin zuen urtean. Ez genekien herritarrek zelan hartuko zuten erabakia.
Alderdi bozkatuena izan zarete, baina duela lau urte baino zinegotzi bat gutxiago lortu duzue. Sei dituzue, Gorroñoren plataformak beste, eta bost ditu EAJk. Berba egiteko unea da orain.
Guri tokatzen zaigu lidergo hori hartzea, eta denekin berba egiteko asmoa dugu. Gure asmoa ez da bategaz batu eta bestea alde batera uztea. Hori aspaldiko eredua izan da Gernikan, eta agortuta dagoela uste dugu. Azken agintaldietan bi alderdi batu dira, eta hirugarrena baztertuta geratu da. Baina emaitzak aztertuta, hori ez da herriak nahi duena. Herriak guztion arteko kolaborazioa gura du, eta gu Xabier Irazabalegaz eta Gorroñogaz kolaborazio eredu horiek aztertzen saiatzeko prest gaude. Prest gaude alkatetza hartu, gobernatzen hasi eta egin behar diren proiektuak eta lehentasunak zehaztu ondoren, elkarregaz lan egiteko. Zoriondu gura ditut gure zinegotziak, eta beste 11k ere bai. Herri hau aurrera eroango badugu, 17 zinegotzi horiek, gernikar horiek, parte hartu behar dute hurrengo udal gobernuan.
Abstentzioak zinegotzi bat galtzea eragin dizuela zenion domekan. Ze irakurketa egiten duzu?
Alde batetik, aurreko agintaldian lortu genuen zazpigarren zinegotzia ozta-ozta lortu genuen; PSE-EE zinegotzea lortzear egon zen, baina azkenean gurera etorri zen. Orain, uste dut EAJ eta Gorroñoren plataformaren arteko lehia horrek aktibatu egin dituela euren boto emaileak. Guk pentsatzen genuen gure boto emaileak fidelak zirela, baina ikusten da politikan ezer ez dela segurua eta gauzak aldatu egin daitezkeela. Dena den, 2.844 boto eta sei zinegotzi lortzea emaitza ona da guretzat.
EAJk eta Guztiontzako Herriak bat egingo dutela uste duzu?
Ez dakit. Azken adierazpen publikoei erreparatuz gero, ematen du ezetz. Ematen du euren arteko aliantza apurtu egin dela eta ez dagoela hori asmorik errepikatzeko. Baina ez dakit ze asmo duten.
Gernika merezi duen lekura eroan gura duzue. Alkatetza lortuz gero, zein izango da lehenengo pausoa?
Lehenengo pausoa leihoak zabaldu eta haizea sartzen uztea izango litzateke. Gustatuko litzaidake udaleko teknikari eta langileekin batzea, arlo guztietako tekniariekin batzea, eta ikustea zein egoeratan dagoen udala; arlo ekonomikoan udala zelan dagoen ikustea, eta proiektuak ze puntutan dauden aztertzea eta zeintzuk diren martxan jarri behar diren zerbitzuak ikustea ere bai. Hori guzti hori dakigunean, herritarrekin partekatzea gustatuko litzaiguke, eta herritarrei udalaren egoerari buruzko benetako argazkia eskaintzea. Hortik aurrera, proiektuak lantzen hastea da asmoa.
Erronkei begira, zein da hurrengo lau urteetako erronka nagusiena?
Udala herritarrengana gerturatu behar dela uste dut. Herriak udalarengan daukan konfiantza falta eta udalak daukan sinesgarritasun falta gainditu behar ditugu. Herriak udala aliatu modura ikusi behar du, eta guri zubi lan hori egitea gustatuko litzaiguke. Gernika-Lumon dauden elkarte, auzolan, talde, kultur eragile, kirol talde eta beste askok udalarengandik laguntza jasoko dutela ikustea da gure asmoa. Gainera, ahalik eta babes handiena eskaini gura diegu egoera zaurgarrian dauden herritarrei.