Gernika SD: play-offen ametsa eta denboraldia, amaituta
Gernika SDk 3-0 galdu du Avilesen kontra, 2. RFEF Mailako play-offetako finalaurrekoetako itzulikoan. Porrotagaz, gernika-lumotarrek denboraldia amaitu dute.
Gernika SD 2. RFEF mailako play-offetako azken txanpatik urrats bakarrera geratu da. Zapatuan [maiatzak 27] 0-3ko markagailuagaz galdu zuten Avilesen kontrako finalerdietako kanporaketa. Porrot horregaz, Aitor Larrazabalen eta Gorka Iraizozen jokalariek amaitutzat eman dute 2022/2023 denboraldia.
Emaitza ez zen partiduan gertatutakoaren isla izan. Gernika-lumotarrak, izan ere, nagusi agertu ziren lehen zatian. Behin eta berriro Avilesen zelaigunean jokatu zuten, eta mehatxua izan ziren asturiarrentzat, euren area inguruan etengabe presio handia egin baitzuten. Gernika SDko kapitainak, Koldo Berasaluzek, azaldu du hasieratik erasora jotzeko intentzio argi eta garbiagaz zelairatu zirela: “Berdinketa euren aldekoa zenez, partiduaren bila atera ginen, inongo beldur barik”. Ramon Suarez Puerta estadioa ikuslez gainezka topatu zuten; berritu zutenez geroztik, Avilesko zelaiak inoizko asistentzia daturik onenak lortu zituen.
Ikusleen presioak, baina, ez zituen gernika-lumotarrak kikildu. Lehen zatian ez zen golik egon, baina Gernika SDk itxura oso txukuna erakutsi zuen, kanporaketa poltsikoratzeko modukoa. Avilesek erasoan oinarritutako taldea aurkeztu zuen, zelaiaren erdigunean jokoa sortzeko asmoagaz; defentsan, ostera, gabeziak eduki zituzten asturiarrek. Gabezia horiek aprobetxatzen saiatu ziren, hain zuzen ere, bisitariak. Lehen 45 minutuetan, hutsekoagaz amaitu zuten, baina sentsazio paregabeak bistaratuz.
Avilesek 10. minutuan gola sartu zuen, eta Gernika SDri, une hartatik aurrera, aldapa gora ipini zitzaion kanporaketa
Inflexio unea. Bigarren zatiko 10. minutuan ailegatu zen partiduaren eta kanporaketaren noranzkoak definitu zituen momentua: Avilesek, gutxien espero zenean, gola sartu zuen. Hortik aurrera, norgehiagoka bere egin zuen etxeko taldeak. “Kontzentrazioa galdu genuen; gol biko aldea, partiduko une hartan, buelta ematen oso gaitza zen”, azaldu du Berasaluzek. Lehen zatiko mailari eutsi ezinik, Avilesek bere legea ezarri zuen etxean, eta jarraian beste gol bi sareratu zituen, kanporaketa poltsikoratuz.
Porrotagaz, Urbietako taldeak denboraldia amaitu du. Bosgarrenak izan dira 2. RFEF Mailako 2. Multzoko sailkapenean. Denboraldi hasieran jardunaldi gaitzak bizi izan zituzten baina, partiduz partidu, asmatu zuten egoera iraultzen: “Behin arrisku gunetik aldenduta, segituan ipini ginen gora begira, play-offak jokatzeko aukerari heltzeko. Oro har, denboraldiaren irakurketa bai ala bai positiboa izan behar da, kalitate jauzia egin dugu”. Ikusleen babesa ere ez zen falta izan ez Avilesko finalaurrekoan, ez denboraldi osoan zehar. “Jarraitzaileen eta klubaren arteko hartu-emana egonkortu eta sendotu egin da. Avilesera, adibidez, ehun lagunetik gora etorri ziren kluba babestera”, argitu du kapitainak.
Koldo Berasaluze: “Pozarren nago egin dudan denboraldiagaz eta, taldeak nahi baldin banau, hurrengo urtean ere hemen jokatzen prest egongo naiz”
Hurrengo denboraldiari begira, “aurtengoak, gutxienez, errepikatzea” bilatuko dute. Hori bai, oraindik ez dakite Larrazabalek eta bere lantaldeak jarraituko duten. “Behin hori jakinik, hurrengo denboraldiko taldea eraikitzen hasi beharko da”. Bere kirol ibilbidearen gehiengoa herriko klubean eginda, Berasaluzek bere burua Gernika SDn ikusten du hurrengo denboraldian ere: “Klubak ni berton egotea gura duen artean, neure asmoa horixe izango da. Aurten, fisikoki jarraikortasun handiagoa eduki dut, hainbesterako gorabehera barik; pozarren nago egin dudan denboraldiagaz eta, taldeak nahi baldin banau, hurrengo urtean ere hemen jokatzeko prest egongo naiz”.