Gernikako EAJk herritarren babesa eta botoa eskatu ditu
Azken txanpan daude alderdi politikoak, eta Xabier Irazabal Gernikako EAJren alkategaiak esan du aurkeztu dituzten proiektuak egiteko herritarren babesa behar dutela.
“Domeka honetan aro berri bat hasteko aukera izango dugu gernikarrok. Gure esku geratuko da atzera egitea edo aurrera egitea. Gure taldea, proiektuak eta ametsak ezagutzen dituzue, aurkeztu ditugu, eta orain zuen babesa eta zuen botoa beharko ditugu errealitate bihurtzeko”, adierazi du Irazabalek.
Dioenez, herritarren babesik barik ez dira egingo aurkeztu dituzten proiektuak: ez atletismoko pista, ez Zalloko aisialdia, ez liburutegia, ez Guggenheim Urdaibai. “Talde indartsua eta prestatua gara, eta EAJ osoaren babesa dugu bide hau egiteko. Instituzioen arteko hartu emon sendoa guk bakarrik bermatu dezakegu. Alkate berria EAJkoa edo EH Bildukoa izango da, ez dago zalantzarik. Zuen esku dago bata edo bestea izatea. Bozkatu EAJ”.