Rudelari Egunak bizirik dirau
Rude izaerak bizirik dirauela erakutsi zuten rudelariek Gernika-Lumoko 11. Rudelari Egunean. Egun osoko egitaraua zuten antolatuta zapaturako, eta balorazio "oso positiboa" egin dute.
Astebururako denetariko ekitaldiak zeuden aurreikusita, baina rude izaerak bizirik dirauela erakutsi zuten rudelariek Gernika-Lumoko 11. Rudelari Egunean. Egun osoko egitaraua zuten antolatuta zapaturako, eta balorazio “oso positiboa” egin dute. “Hainbatek eskertu digute Rudelari Egunak bizirik jarraitzea, halako musika estiloko jaialdi gutxi daudelako inguruan, eta giro aparta sortzen dutelako”, azaldu dute GerniSka Rudelari taldeko kideek.
Reggae eta ska giroa, bertsoak, kontzertuak… denetariko ekintzek hartu zuten Gernika. Eguerdian, Poteo Sound Systemean elkartu ziren, eta hasieran “jende gutxi” batu zen arren, amaierarako 40 lagun inguru elkartu zirela diote. Astrako bazkarian, berriz, 60-70 lagun izan ziren, eta Lilibertsoko bertsolariekin batera “giro nahiko polita” sortu zuten: “Giro polita egon zen, eta hainbat barre egin genuen”.
Arratsaldean, Aterpen jendetza elkartu zen Steady Rockets taldearen kontzertuan. Eguraldi ona lagun, “giro oso atsegina” egon zen, eta jendea dantzan ikus zitekeen. Ostean, Astrako kontzertuetara 130 lagun inguru gerturatu ziren: “Zarata asko atara genuen Astrako kontzertuetan, eta Zeppera joan ginen gero”.