Maierreko kolektore berria aldatzeko lanak egiten ari dira
Ajangizko ur saneamenduaren sistema orokorra hobetzeko kolektoreak jarri zituen URAk Maier inguruan, baina kolektore berria pitzatu egin zen, eta hori aldatzen ari dira orain.
Urte hasieran Uraren Euskal Agentziak Ajangizko ur saneamenduaren sistema orokorra hobetzeko ponpaketa estazioa eta hari lotutako kolektoreak jarri zituen Maier inguruan, Maierreko eta Kanpantxuko ur zikinen arazoa konpontzeko helburuagaz. Baina martxoan apurtu egin zen bertan jarri zuten kolektore berria, eta hori konpontzeko lanak egiten ari dira orain, 41 metroko tartean, ponpaketa estazio berritik zebra-bidearen ondoan dauden konexio kutxetarainoko gunean.
Koldo Carbonell Ajangizko alkateak esan duenez, Maierreko aparkalekutik zebra-bideraino doan tarte horretan padura dago lurpean, eta lurraren mugimenduak bertan jarri zituzten kolektoreen hodiak pitzatu zituen. “Obra egiterakoan, Maierretik saneamenduko kolektorea doan tartean, ibilgailuen bidea igarotzen den gunean hain justu, padura dago, eta gune horretan pitzatu ziren hodiak”.
Orain, pitzadurak konpontzeko egiturazko lauza bat sortuko dute hodiaren inguruan, hodi berriari laguntzeko, eta, zehaztu dutenez, egiturazko lauza bera jarri beharko dute tarte osoan; horretarako, 18 metroko luzera duten egiturazko 52 mikro pilote egiten ari dira, eta horiek arrokan 6 metro sartu beharko dituzte. “Egituraren soluzio berri hori ez da aurrekoaren berdina, eta ezin da zanga faseka altxatu eta bete. Lauza etenik barik eraiki behar da luzera osoan, obraren arrakasta bermatzeko”.
Ondorioz, obrak “ezinbestean” eragiten die ibilgailuen joan-etorriari. Hala, Kanpantxu auzora sartzeko Maierreko aparkalekua inguratu beharko dute ibilgailuek, eta hortik sartu ahal izango dira herrigunera.
Lanak apirilean hasi zituzten, eta ekaineko lehen bi asteetan amaitzea aurreikusi dute.
Kanpantxu auzoko errepidea. Kolektoreko obraz gain, Kanpantxura joateko herri bidean –Arabietatik herrigunerako tartean– arrakala handi bat agertu zen urtarrilean, eta zorua egonkortzeko lanak egin ditu URAk azken hilabeteetan. “Bi hilabetez egon zen bidea itxita, lurra erortzea zerk eragin zuen aztertzen aritu zirelako URAkoak. Azkenean, kolektoreko obren lur mugimenduek herri bide horretan eragina eduki ahal izan zutela ondorioztatu zuten, eta tartea egonkortu dute dagoenerako”, azaldu du Carbonellek.
Analisi geoteknikoaren arabera, bidearen konponketa “iraunkorra” egiteko hegal erdiari eutsi behar zitzaion, eta hori egin dute; izan ere, obra hori egin ezean, eta soilik zabalgunea berreraikiz gero, berriro irristatze fenomenoak sor zitezkeen. “Gainera, kontuan izan behar da, behin irristatze bat gertatu eta gero, errazagoa dela antzeko fenomeno bat errepikatzea”, zehaztu dute ikerketan.
Hala, martxoaren amaieran hasi zituzten lurra egonkortzeko lanak, eta apirilerako zorua hormigoiz estalita zegoen. Ibilgailuen joan-etorria bermatu zuten horrela, baina bidea asfaltatzea falta da oraindik. “Hori ponpaketa estazioaren obra amaitzean egingo dutela esan digute, bi bideak batera asfaltatuko dituztelako”, gehitu du alkateak.