Gernika SD: Presio barik eta dena irabazteko
Urbietan lortutako berdinketagaz, 2. RFEF mailako play-offetako finalaurrekoaren itzulikoan garaipenak besterik ez dio balioko Gernika SDri.
Aviles hautagai nagusiak ezin izan zuen kanporaketa erabakita utzi joan den domekan [maiatzak 21] Urbietan jokatutako partiduan; 0-0eko berdinketagaz amaituta, Asturiasko itzuliko partidurako zabal-zabalik geratu dira finalerdiak. Gernika SDk, bere aldetik, kale edo bale egin beharko du Ramon Suarez Puerta zelaian, play-offetan aurrera egingo badu. Zapatuan [maiatzak 27] izango da norgehiagoka, 20:00etan.
Koldo Berasaluze Gernika SDko kapitainak azaldu duenez, “oso argi” izan beharko dute hasiera-hasieratik aurkariaren atearen bila joan beharko dutela: “Avilesi berdinketak balioko dio aurrera egin ahal izateko; gu, ostera, ezin gara emaitza horregaz konformatu. Berdinketa egonez gero, badakigu luzapen denbora egon daitekeela, baina, joanekoan hutsera berdinduta, ez da penaltietara joateko aukerarik egongo. Beraz, lehen unetik min egiteko eta gola bilatzeko asmoagaz zelairatu beharko gara”.
Asturiarrek plazaratuko duten estrategiaz galdeturik, gernika-lumotarrak azaldu du eurak baino talde oldarkorragoa direla eta, hain zuzen ere, erasoa dela beren bertute nagusia: “Play-offak jokatutako eta goragoko mailetan aritutako jokalariak dituzte; banan-banan hartuta, maila handiko jendea dute. Erasoan eta, batez ere, alboetatik, gu baino gehiago dira, baina joanekoan frogatu genuen euren mailara gaudela”.
Koldo Berasaluze: “Avilesen helburua ligan lehenengo sailkatzea eta play-offak jokatu barik igotzea zen eta, liga erregularra bigarren amaituta, ez dute hori lortu. Beraz, presioa beraien gainean dago”
Joaneko partiduak “konfiantza handia” eman zion Gernika-Lumoko taldeari: “Aukera oso gutxiko partidua izan zen, eta egon ziren urriak geureak izan ziren. Avilesek ez zuen hiru zutoinen artera baten ere jaurti; horrek asko dio. Oro har, zelai erdiko jokoa nabarmendu zen, itzelezko tentsioagaz eta arrisku gutxigaz. Avilesen helburua ligan lehenengo sailkatzea eta play-offak jokatu barik igotzea zen eta, liga erregularra bigarren amaituta, ez dute hori lortu. Beraz, presioa beraien gainean dago. Guk, geure aldetik, aurkeztu zaigun aukera hau aprobetxatzea baino ez dugu bilatuko; dena dugu irabazteko”.
“Avilesen estadioak 5.000 lagun inguruko edukiera duenez, mentalki prest egon beharko gara, horri aurre egiteko”
Zaleen berotasuna. Urbietako partiduan, harmailak ikuslez gainezka egon ziren; etxekoez gain, Avilestik bertaratutakoek ere giro ederra sortu zuten jarraitzaileen artean. Itzuliko hitzordurako ere, Gernika-Lumotik jende ugarik Asturiasera jotzea aurreikusten dute: “Autobusa antolatu dute, eta jakitun gara jende pila bat bere autoan joatekotan dagoela. Avilesen estadioak 5.000 lagun inguruko edukiera duenez, mentalki prest egon beharko gara, horri aurre egiteko”.