Udala herritarren zerbitzura jartzen jarraitu gura du Muxikako EH Bilduk
Udal hauteskundeetara begira, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako EH Bilduk udal taldearen eta programaren aurkezpena egin zuen zapatuan [maiatzak 20] Kurtzeroko aparkalekuan.
Muxika, Ibarruri eta Gorozika “denentzako” izateko lan egiten jarraituko dutela adierazi du Muxikako EH Bilduk: “Guk ez dugu sinisten herria batzuentzako edo batzuk ondo bizitzeko herria izan behar denik. Gure helburu nagusienetako bat da udala herritarren zerbitzura jartzen jarraitzea, eta Muxika, Ibarruri eta Gorozikako biztanleek eskatzen dutena instituzio handien aurrean eskatzen jarraitzea”.
Hala, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako EH Bilduk osatu duen taldeak “herritarren ordezkari izateko bokazioa” daukala dio Begoña Enbeita alkategaiak: “Ez dugu alkatetza agintzeko tresna modura ulertzen, herritarren zerbitzura gaude, eta auzo txikienean zein handienean egiten dugun hobekuntza bakoitza da udalerri osoarentzako ona. Txikitik handiara egindako lanak balio du. Jende txiki askok leku txiki askotan eraginez gero, aldaketa handiak lor ditzakegu”.
Monolaborantza gutxiago eta “baserri bizi” gehiago dauzkan udalerriagaz amesten dute koalizio abertzalekoek, eta biodibertsitatea berreskuratzeko ardura edukiko dutela gehitu dute. “Gainera, ikusi dugu errepideak gure herrietan eragiten dituen zauriak, eta horiei konponbidea ematen saiatu gara. Ez dugu hori guztia alde batera utziko, eta aurrera jarraituko dugu. Zuekin batera joan gura dugu bidean aurrera. Ez zuek baino aurrerago edo atzerago, zuekin batera baizik”.