Bermeora egin du Euskadiko Trainerilla Txapelketak
Oriok eta Hondarribik osatu dute domekako [maiatzak 21] absolutu mailako podiuma.
Euskadiko Trainerilla Txapelketa Getarian (Gipuzkoa) lehiatu zuten, eta bermeotarrek maila handia erakutsita poltsikoratu zuten garaipena gizonezkoen absolutu mailan: 13.56,38ko denbora behar izan zuten probako 3.500 metroak egiteko. Lehiarik estuena bigarren postuko izan zen. Hondarribiko eta Orioko eskifaiak zein baino zein gehiago aritu ziren, bigarren nor sailkatuko. Azkenean, Orio Arraun Elkarteak ozta-ozta gainditu zuen Hondarribia Arraun Elkartea: 14.10,06ko denbora egin zuten lehendabizikoek; 14.10,89koa, ostera, bigarrenek.
Laugarren eta bosgarren postuei dagokienez, alde nabarmenagoak egon ziren. Zierbena sailkatu zen laugarren, 14.15,88ko denbora egin ondoren; sailkapena Isuntza Arraun Elkarteak osatu zuen, 14.22,35eko denboragaz.
Ondarroa, juniorretan bizkorrena. Ondarroa Arraun Elkarteko trainerilla nagusitasunez gailendu zen gizonezkoen gazte mailan. Ondarrutarrek 15.07,23ko denboran burutu zuten estropada. Ostean, Zierbena eta Itsasoko Ama helmugaratu ziren, hurrenez hurren, 15.14,40ko eta 15.18,69ko denborekin. Isuntza, aldiz, zazpigarrena izan zen, 15.48,76ko denboragaz.
Bestalde, ez zuten emakumezkoen estropadarik egin Euskadiko Txapelketan, emakumezkoen hiru trainerilla baino ez baitziren aurkeztu lehiaketara.