Urdaibaiko Guggenheim museoko lanak uda ostean hasiko dituztela esan du Etxanobek
Urdaibaiko Guggenheim museoaren garapena hasteko beharrezkoak diren eraisketa lanak uda ostean hasiko direla adierazi du gaur [maiatzak 19] Elixabete Etxanobe Bizkaiko EAJren ahaldun nagusirako hautagaiak Gernika-Lumon.
Etxanobek zehaztu du lan horien lizitazioa martxan dagoela, eta datozen asteetan Daliako lurzoruaren eta lurpearen deskontaminazizazio lanak ere lizitatuko dituztela. “Hasi ditugu eskualdeko udalekin hirigintza eta tramitazio lanak. Bagabiz lanean. Konpromisoa hartzen dot industria gune hau proiektu berezia, berritzailea eta bakarra bihurtzeko”, gehitu du.
Urdaibai eraldaketaren eta jasangarritasunaren “eredu globala” bihurtuko dutela dio: “Iraunkortasunaren printzipioetan oinarrituta eta ingurunea eta ingurumena errespetzeko asmoz diseinatutako proiektu horren aurretiazko urratsak dira hauek”. Azpimarratu du Guggenheim Urdaibai “ukaezinak” diren bi printzipiotan oinarrituta diseinatuko dela: iraunkortasuna eta inguruarekiko zein ingurumenarekiko errespetua. “Ezin da beste era batera izan. Hori da Urdaibai markaren ezaugarri nagusia, bereizten duena”.
Gernika-Lumoko EAJko alkategai Xabier Irazabalek adierazi du udalerriarentzako zein Busturialdearentzako “aukera bikaina” izango dela museoa, “susperraldi ekonomikoa ekarriko duena”.