EH Bilduk arrantza sektorearen aldeko apustua berretsi du
Koalizio abertzalekoek Bermeoko Arrain Azoka aukeratu dute, bestalde, itun agroalimentarioa proposatzeko.
EH Bilduren Foru Aldundirako hautagai Iker Casanovak arrantza sektorearen “berebiziko garrantzia” azpimarratu du, hura “babesteko eta bultzatzeko beharra” nabarmenduz. Era berean, Bizkaiko itun agroalimentarioa proposatu du. Agerraldian egon dira, bestalde, koalizio abertzaleak Bermeoko alkatetzarako duen hautagai Asier Larrauri, batetik, eta Idurre Bideguren senataria, bestetik.
Casanovak, hain zuzen ere, Bidegurenek lortutako “akordio historikoa” eduki du ahotan: “Bere lanari esker, itsasoko emakumeek, saregileek, neskatilek eta paketatzaileek erretiroa hartzeko adina lau urte aurreratu ahalko dute, eta, horrela, emakumezko langile horien diskriminazio argi batekin amaituko da”. Larraurik arrantza sektorea Bermeon “funtsezkoa dela” adierazi du: “Geure herrian asko bizi dira sektore horretatik, bai itsasoan bertan arraina harrapatzetik, bai arrain hori kontserban ipintzetik”.
Itun agroalimentarioari dagokionez, Casanovak argitu du hitzarmen horren jomuga Bizkaiko elikadura ereduari buruzko hausnarketa partekatua” egitea dela: “Plan eraldatzaile bat proposatzea da asmoa, lehen sektorea duintzeko, tokiko ekonomia bultzatzeko, eta lurraldea modu jasangarrian kudeatu ahal izateko”.