Autodefentsarako deia egin dute feministek, "gizartea errotik aldatzeko"
Gernikako Sare Feministak deituta, Orioko hilketa matxista salatzeko eta familiari elkartasuna adierazteko elkarretaratzean batu ziren atzo [maiatzak 18] herritarrak.
Gernika-Lumoko Sare Feministak “gogor” salatu du Orioko hilketa matxista, eta “nazkatuta” daudela adierazi dute feministek. Euskal Herriko lehen erailketa matxista salatzeaz gain, elkartasuna adierazi diete eraildako emakumearen familiari eta ingurukoei, eta komunikabideetan zabaldu diren irudiak salatu gura izan dituzte: “Komunikabideetan zabaltzen ari diren irudiak ere salatu gura ditugu, familiei eta gertukoei eragiten dien mina doakoa delako”.
Euren bizitza proiektuak “aurrera eroan” gura dituzte emakumeek, baina gizartearen egitura patriarkalak euren bizitzak “arriskuan” jartzen dituela diote. Horregatik, gizartearen egituraren oinarriari eragin behar dietela azaldu dute, hori gizarte osoaren arazo bat delako: “Ez dezagun ahaztu emakumeon gorputzetan gorpuzten den arren, hau gizarte osoaren arazo bat dela. Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea”. Hori dela eta, autodefentsarako deia egiten dute, “gizartea errotik aldatzeko”. Hala, bizitza bizigarrien aldeko apustu “erradikal” bat egin gura dute, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabekoa.
Izan ere, gizartea egituratzen duen matxismoagaz amaitu arte, emakumeen aurkako indarkeriak “ez duela etenik” edukiko uste dute: “Ez nahasi, hau patriarkatuaren muturreko ondorioa baino ez da, egunero emakumeon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorioa, alegia”. Indarkeria hori sistema heteropatriarkalaren ondorioa dela diote, “sistema biolento batean” bizi direlako bai emakumeak bai heteroarauan sartzen ez diren gorputzak. “Haien bakeak gure guda izaten jarraitzen du. Honekin amaitu beharra daukagu, nazkatuta gaudelako gure egunerokotasuna indarkeriaz bizitzeaz eta azken muturrean erailak izateaz”.