Kultur aniztasunaren eta elkarbizitzaren alde egin dute ikasleek
Segundo Olaeta Musika Eskolak 500 ikasle batuko ditu gaur eta bihar kultur aniztasunari buruzko 'Kausa bat, Kantu bat' sentsibilizazio ekimenean. Elkartasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, "denentzako mundu bat" eraikitzeko erabakia hartu dute gazteek.
Hausnarketatik ekintzetara pasatzeko erabakia hartu dute Gernika-Lumoko eta inguruetako ikastetxeetako ikasleek. Domekan [maiatzak 21], Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Eguna ospatuko dela aitzaki hartuta, Segundo Olaeta Musika Eskolak Kausa bat, Kantu bat sentsibilizazio ekimena antolatzea erabaki du, bigarren urtez. Hala, kultur aniztasunari buruz hausnartzeko asmoz, udalerriko zein inguruko lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako 500 ikasle inguru batuko dituzte, gaur eta bihar, Lizeo Antzokian.
“Denentzako mundu bat” aldarrikatu dute gaur, Lizeo Antzokian batu diren Barrutiako, San Fidel Ikastolako eta Seber Altube Ikastolako ikasleek. Horiez gain, bihar, Allende Salazar Herri Ikastetxeko ikasleen, Mertzedekoen, Muxikako Urretxindorrakoen eta Gautegiz Artegako Montorrekoen txanda izango da, eta euren aldarrikapenak plazaratzeko aukera izango dute.
Kultur aniztasuna lantzeko denetariko erak jorratu dituzte gaurkoan ikasleek: Lorentzoren lapikoa izeneko ipuina sortu dute Barrutiakoek, hainbat hizkuntzatan; LipDubean batu dituzte euren hausnarketak San Fidelekoek; eta, dantza ikuskizunean plazaratu dituzte eurenak, berriz, Seber Altubekoek.
Lagunek alde batera uzten duten pertsonaia bati buruzko ipuina ondu dute Barrutiakoek, desberdin izateagatik alde batera uzten duten Lorentzo izeneko mutiko baten istorioa. Hala ere, zailtasunak gainditu eta zailtasun horiek trebetasun bihurtzen ditu Lorentzok, eta ondorioz, lagunak gerturatzen zaizkio. Egoera horren aurrean, desberdin izateagatik inor alde batera ez uzteko aldarria zabaldu dute Barrutiakoek.
“Denentzako mundu bat” eraikitzeko deia egin dute San Fidelekoek. Laguntasuna ematearen, adiskidetasunean bizitzearen eta talde bat izatearen garrantziaz berba egin dute kantuan, eta norbaitek arazoren bat izanez gero, “elkarregaz indartsuagoak” direla adierazi dute.
Ekitaldi “dinamiko bezain entretenigarria” izan da
Seber Altubekoek, berriz, askatasunaren alde egin dute. “Munduak eskubideak handientzat bakarrik pentsatu zituenez”, Seber Altubekoek koloretako eskuak altxatu dituzte, eta haurtxoen zein herritxoen askatasunaren alde egin dute. “Munduari nahi diot esan, haurtxoek eta herritxoek behar dutela libre izan”, adierazi dute.
Aldarriak plazaratuta, Errumania, Txina, Brasil eta Idaho ezagutu dituzte; eurei buruzko informazioa jasotzeaz gain, herrialde horietako erritmoak euskal letrekin uztartu eta kantatu dituzte. Ekitaldi “dinamiko bezain entretenigarria” amaitzeko, Hitzekin kantua abestu dute. Hala, musikaren bitartez, kontzertu pedagogiko bat eskaini dute.