Guzanek esan du “aldaketa politiko sakona” datorrela Bermeora
Atzo [maiatzak 17] zerrendaren eta programaren aurkezpena egin zuten Bermeoko Kafe Antzokian.
Xabier Ortuzar Guzan herri plataformako alkategaiak esan du zortzi urte eta bi agintaldiren ostean, “bestelako esperientzia bat” eskuratu dutela. Herri plataforma independenteko kideek uste dute orain “prest” daudela herriari laguntzeko; haien “momentua” heldu dela deritzote. Udal hauteskundeetako leloa jarraituz, “herriko eta herritarren talde independenteentzako aukera bat eskatzen” dute.
Horretarako, zerrenda “adin eta jakituri desberdinetako” lagunez osatuta dagoela esan dute: “Bermeok dituen erronkei aurre egiteko prest dagoen lantaldea da”. 2019ko hauteskundeetan boto emaileen %20 jaso zituzten, eta oraingoan “udal gobernuan sartzeko asmoa” erakutsi dute. Dituzten datuen arabera, herrira “aldaketa politiko sakona” datorrela diote. Gaineratu dute programa osatzeko “aspalditik” dabiltzala lanean, “bilerak egiten herriko elkarte eta pertsona adituekin”.