Etxanobek esan du Sollubeko errepidea hobetzeko inbertsioa "ondo inbertitutako" dirua izango dela
Busturialdeako hautagai jeltzaleak Elixabete Etxanobe ahaldun nagusirako hautagaiagaz elkartu ziren atzo [maiatzak 17] Bermeoko Lameran egindako ekitaldian.
Bizkaiko pertsona guztiek aukera berdinak edukitzeko lan egingo duela esan zuen atzo [maiatzak 17] Elixabete Etxanobe ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak Bermeon egindako ekitaldian: “Bizi kalitatea eta primerako zerbitzu publikoak gura ditut eskualde guztietan”. Hala, “orain arte egin modura” aldunditik udalekin batera elkarlanean jardungo dutela adierazi du.
Aipatu elkarlanaren ondorioz jaiotako proiektu bat ekarri zuen gogora, Bidebieta eta Sollube arteko errepidea hobetzearena: “Inbertsio handia izango da, 66 milioi euro, baina ondo inbertitutako dirua da. Sollubeko errepidearen seguratuna asko hobetuko duelako eta Bermeoko garapen ekonomikoa erraztuko duelako”. Proiektua lantzen dabiltzala esan du, obrak 2025ean hasi daitezen.
Aritz Abaroa Bermeoko EAJren alkategaiak esan zuen “Bermeogaz konprometituta dauden bermeotarrak” direla: “Abertzaleak gara eta argi daukagu aberria herrigintzatik eraikitzen dela”. Bermeok “proiektu serioa behar duela dio: “Hori da guk eskaintzen duguna, eta iparra ondo markatuta daukagu”.
Gaur goizean, berriz, Bermeoko jeltzaleek Ormaza fabrika zaharrerako daukaten proiektua aurkeztu dute. Bertan sustatu gura dute Bermeo Tuna International Center arrantza eta kontserba sektorearen inguruko ikerketa zentroa.