Eskola Txikien Jaia ospatzeko Mundakan bildu dira aurten
Busturiko, Eako, Gautegiz Arteagako, Mundakako eta Muxikako eskola publikoetako ikasleek kolorez, irribarrez eta musikaz bete dute Mundakako plaza.
Txikiak, biziak eta herrikoak. Eskola txikiak bizirik daudela aldarrikatzeko elkartu dira gaur [maiatzak 18], Mundakan. Busturiko JM Uzelai, Natxituko Haizeder, Gautegiz Arteagako Montorre, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako Eskolako ikasleen zein irakasleen eguna da Busturialdeko Eskola Txikien Jaia. Elkarrekin indarrak hartu, harremanak sendotzen jarraitu eta, batez ere, gozatzeko, ondo pasatzeko urteroko hitzordua da.
Goiz-goizetik ume gehiago zeudela nabaritu dute mundakarrek. 10:30ak aldera batu dira, eta talde argazkia atera, kalejira alaia egin eta jolasten ibili dira.
“Herri txikiak eta eskola txikiak bizirik daudela adieraztea da gaurko helburua nagusiena, eta, era berean, Busturialdeko eskolak batzea”, azaldu du Maite Madariaga Mundakako Eskolako zuzendariak. Goizeko harreran momentu hunkigarria ere bizi izan dute: “Bertso batzuekin eman diegu harrera ikastetxe guztiei, eta, aurten omenaldi handi bat eskaini diogu hainbat urtetan Urretxindorra Eskolako zuzendaria izan zen Isidro Rodriguezi. Uste dugu merezi zuela, eta bere alarguna berton egon da”. Rodriguezek jaialdi honek aurrera jarraitzeko “bultzada handia” eman ziola azpimarratu du Madariagak.
Gero, hamaiketakoagaz indarrak hartu dituzte eguerdiko dantzaldirako. Beste urte batez, ikuskizun ederra eskaini dute. Txikitxoenetatik nagusitxoenetara, mailaz maila atera dira plazara euren koreografia landuak erakustera. Irribarreak ahoan, ilusioa begietan eta konplizitatea aurpegietan. Irakasleen zein bertan bildutako ikusleen txalo beroak ondo merezita izan dituzte.
Emanaldia amaituta, askotariko jokoak eduki dituzte aukeran. Ondoren, alkarregaz bazkaldu dute, eta 15:00etan alkar agurtu aurretik, Mundakako Eskolakoek Haizeder Eskolakoei pasatu diete lekukoa, datorren urtean bertan ospatuko baitute Eskola Txikien Jaia.