Orioko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte
Gernika-Lumoko Sare feministak deituta 19:00etan batuko dira bihar [maiatzak 18] Gernika-Lumoko Merkurion, eta Itaiak egun eta leku berean jarri du hitzordua, baina 20:00etan.
Gizonezko batek ustez bere bikotekide ohia erail zuen atzo [maiatzak 16] Orion, kanoiak moztutako eskopeta batekin eraso egin ostean. Eta, litekeena da, segidan bere buruaz beste egin izana. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen indarkeria matxista dela ikertzen ari diren hipotesi nagusia, eta Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak gaur baieztatu du “ikerketaren lehen emaitzen arabera” gizonezkoak eskopeta batekin hil zuela andrea. Erkorekaren esanetan, gizonak armak edukitzeko baimena zuen, eta berak manipulatu zuen eskopeta; gizonak ez zuela indarkeria matxistagaz lotutako aurrekaririk gehitu du.
Eraso matxista salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Busturialdean. Gernika-Lumoko Sare feministak deituta 19:00etan batuko dira bihar [maiatzak 18] Gernika-Lumoko Merkurion, eta Itaiak egun eta leku berean jarri du hitzordua, baina 20:00etan.
Mugimendu feministak deituta ere elkarretaratzea egingo dute gaur Orion, 19:00etan. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egin du protestarako deia: Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean herritarrak batzera deitu dituzte. Hilketa matxista izan denez, “egitura baten ondorioa” dela esan dute, eta gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte emakumeen aurkako indarkeriak ez duela etenik izango adierazi dute: “Egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorioa da”.
Diotenez, egitura heteropatriarkalaren ondorioz sistema “biolento” baten bizi dira emakumeak, eta horrekin amaitzeko beharraren premia azpimarratu dute: “Nazkatuta gaude gure egunerokotasuna indarkeriaz bizitzeaz eta azken muturrean erailak izateaz”. Eta gizartea “errotik aldatzeko” autodefentsaren eta feministak batzearen premia azpimarratu dute. “Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea”.
Emakundek ere “gogor” salatu du hilketa, eta herritarrei “gaitzespena” erakusteko deia egin die. Adierazi du berdintasunaren alde egitea dela indarkeria matxista “prebenitzeko” era eraginkorrena. Eudelek ere indarkeria matxistaren kontra egiteko oharra kaleratu du, eta berdintasunaren alorrean lanean jarraitu behar dela adierazi du.
EAEko Arartekoak erasoa gaitzestu eta erakundeei esan die “biktimaren seme-alabei” babesa emateko, “haien bizitzan egin duen zauria ahal den neurrian sendatzen saiatzeko”. Salatu du matxismo erailtzaileak “eragin handia” duela oraindik hamaika emakumeren eta neskato-mutikoren bizitzetan.
Aurrekariak. Iaz lau emakume hil zituzten bikotekideek Euskal Herrian, eta semeak eragindako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. Berria-ren datuen arabera, 2003tik indarkeria matxistak 117 emakume eta 11 ume hil ditu Euskal Herrian.