Mundakako Gaztelekua hobetzeko lanak egin dituzte
Besteak beste, azken belaundaldiko telebista bat jarri dute, eserlekuak eta mahaiak berritu dituzte, dardoetara jolasteko gunea egokitu dute eta arbel horma bat jarri dute.
“Udal azpiegiturak berritzeko konpromisoari jarraituta”, Mundakako Udalak zenbait lan egin ditu Gaztelekuan, “instalazioak hobetzeko”.
Jakitera eman dutenez, azken belaunaldiko telebista adimendun berri bat jarri dute. Irati Gondra alkatearen hitzetan, horrek “entretenimendurako aukerak zabalduko ditu”. Gainera, Interneterako sarbidea du eta, hortaz, aukera emango du musika jartzeko, ikus-entzunezko edukiak jartzeko edo funtzio anitzeko hezkuntza aplikazioak erabiltzeko.
Bestalde, Gaztelekuko eserleku bigunak egokitu eta berritu dituzte, baita hainbat mahai eta armairu ere, “denboraren joanaren eta etengabeko erabileraren ondorioz hobekuntza txikiak eskatzen zituztenak”. Alfonbra handiagoa ere jarri dute, “erabiltzaileek lurrean jesarri nahi izanez gero espazio zabalagoa eta erosoagoa eduki dezaten”.
Dardoetara jolasteko gunea ere egokitu dute, “haren erabilerak ez dezan kaltetu aldameneko hormen estetika” eta, era berean “seguruago izan dadin”.
Azkenik, Gaztelekuko hormetako bat egokitu dute, “arbel horma handi bat modura jarrita”. Dioenez, Gaztelekuko erabiltzaileek antzemandako arazoetako bat zen arbela erabiltzeko muga, “txikiegia zelako”. Eskaerei erantzunez, hormetako bat pintura berezi bategaz margotu dute: “Arbel horretan erabiltzaileek zabalago eta espazio mugarik gabe margotu eta idatzi ahal izango dute”.