Erosketa arduratsua eta jasangarria egiten ikasteko aukera eskainiko du Ekoetxea Urdaibaik
#UrdaibaiErronkaren barruko tailerra domekan [maiatzak 21] egingo da, 11:00etatik 13:00etara. Ekoetxea Sarearen webgunean izena eman behar da.
“Egungo ekoizpen eta kontsumo ereduak baliabide naturalak agortzen ditu, eta kaltea eragiten die ekosistemei eta biodibertsitateari. Era berean, kutsatu egiten du, isurketekin, itsas zaborragaz edo gas isurketekin; milioika lagunen funtsezko lan printzipio eta eskubideak urratzen ditu eta ez ditu herritar askoren elikadura eta osasun beharrak asetzen. Aken batean, ez da jasangarria”, azaldu dute Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek. Hala, herritarrekin batera, “beharrezkoa” den aldaketa bilatzen laguntzeko Erosketa jasangarria izeneko tailerra antolatu du Ekoetxea Urdaibaik domekarako [maiatzak 21]; 11:00etatik 13:00etara eskainiko dute tailerra, eta izena eman behar da Ekoetxea Sarearen webgunean.
Familiak kontzientziatzeko eta prestatzeko tailerra dela azaldu dute, “etxerako erosketa egiterako orduan, eguneroko ohiturak aldatu ditzaten”. Ekoetxea – Euskadiko Ingurumen Hezkuntzako Zentroen Sarearen helburu estrategiko berriaren barruan kokatzen da domekako tailerra. Hala, herritarrak ohitura jasangarriagoak diren ekintzetara mugiaraztea da helburua. Horretarako, oraingoan hainbat gairi buruzko prestakuntza emango diete parte hartzaileei: elikagaiak alferrik galtzeari buruzkoak, hurbileko eta sasoiko kontsumoa, elikadura osasungarria, hondakinen kudeaketa arduratsua, bidezko merkataritza…
Tailerraren bitartez, familiek ikasi egingo dute ingurumen ondorio kaltegarriak murrizten dituzten produktuak identifikatzen eta aukeratzen, eta kategoria bereko beste produktu batzuek ez dituzten ezaugarriak ezagutu ahalko dituzte.
Ekoetiketatzeari garrantzia emango diotela aipatu dute: “Erosketa saskia betetzean, ingurumen inpaktua murrizteko informazio baliagarria ematen duten gero eta zigilu eta etiketa gehiago daude. Hala ere, kontsumitzaile guztiek ez dakite horiek nola interpretatu, edo ez dituzte kontuan hartzen erosketa modu arduratsuan eta jasangarrian egiteko”. Hortaz, tailerraren bitartez, familiek ikasi egingo dute ingurumen ondorio kaltegarriak murrizten dituzten produktuak identifikatzen eta aukeratzen, eta kategoria bereko beste produktu batzuek ez dituzten ezaugarriak ezagutu ahalko dituztela jakitera eman dute. Eta hori guztia, familian jolastuz egingo dutela diote.
Jardunaldia atal desberdinetan banatuta egongo da. Lehenengo zatian, helduek ekoetiketen unibertsoa ezagutu ahalko dute: “Zer informazio mota ematen duten, non aurkitu daitezkeen, inpaktu negatiboak murrizten dituztela ziurtatzeko zer bilatu behar den, zenbat dauden eta askoz ere gauza gehiago”. Bitartean, txikienak erosketa arduratsuaren labirintoa jolasean ariko dira. Horren bitartez, erosketa modu arduratsuan egiteko gakoak ezagutuko dituzte.
Azkenik, familiak elkartu egingo dira, eta ikasitako guztia horretarako sortutako supermerkatu batean jarriko dute praktikan. Erosketa arduratsua eta jasangarria egiteko erronka edukiko dute. Planteatutako dinamika guztietan puntuak lortuko dituzte, eta prozesu osoa osatzen duten familiek oparia jasoko dute, “zeinak eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko aukera emango dien”.
Orain arte, 170 pertsona mobilizatu ditu #UrdaibaiErronkak, eta horrek 20,45 tona CO2 emisio murriztea ekarri du.
Erosketa jasangarria esperientzia Ekoetxea Sareak martxoan abiarazi zuen #UrdaibaiErronkaren parte da, eta helburutzat dauka Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako herritarrek eremuko emisioak ekainaren 30a baino lehen 300 tona CO2 murriztea. Herritarrak inplikatzeko eta irtenbidearen parte izateko erronka kolektiboa dela gogorarazi dute.
Orain arte 170 pertsona mobilizatu ditu #UrdaibaiErronkak, eta “parte hartzaileek beren gain hartu dituzten jokabide jasangarriak beteta”, 20,45 tona CO2 emisio murriztea lortu dela diote. Azaldu dute, zifra hori hasierako helburuaren %6,82 dela eta, beraz, “oraindik asko dagoela” egiteko.