"Espero baino jendetsuagoa" izan da bigarren eskuko elkartasun azoka
Aurten lehenengoz, elkartasuna izan du oinarri Lurgorriko Auzo Kultur Elkarteak antolatutako bigarren eskuko azokak. Giro "politean" batu zirela diote.
Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak antolatuta, 19 salmahai jarri zituzten Araba kaleko 9 eta 21 zenbakien arteko arkupeetan domekan [maiatzak 14], eta denetariko produktuak saltzeko zein erosteko aukera izan zuten bigarren eskuko azokara bertaratu zirenek. Horrez gain, Batera Gara elkartasun ekimenari laguntzeko 100 euro inguru lortu zituzten, baita fibrosi kistikoa laguntzea helburu duen ekimenari ikusgarritasuna ematea ere. “Aurten lehenengoz egin dugu elkartasun ekimena. Ekarpen txikia lortu dugu, baina elkartasunez jokatzea eta gaixotasuna ikusaraztea zen gure asmoa”, azaldu dute.
Eguraldia ez zuten lagun izan, baina, hala ere, “giro polita” sortu zela diote, eta “espero zutena baino jende gehiago” batzea lortu zutela onartu dute. “Eguraldia ikusita, ez genuen inor espero, baina giro polita egon zen eta gauzak saldu ziren”, azaldu dute. Aurten, jende gehiena eguerdi partean gerturatu zela onartu dute, “euri gutxiago” egin zuenean.
Eguraldia tarteko, Txitatoki Zirku Eskolakoek eman behar zuten zirku tailerra bertan behera uztea erabaki zuten, eta, zirku tailerraren ordez, umeentzako jolasak egin zituzten. Gaztetxoak, gainera, saltzaileen postuan ere jarri ziren, eta euren eskaintzen berri eman zuten.
Auzoa “biziz” betetzea da elkartekoen asmoa, eta lan horretan jarraituko dute aurrerantzean. “Eskola lortu ostean, betiko legez, auzoari bultzada ematen jarraitu gura dugu”. San Juan suak antolatzean jarriko dute arreta laster.