Emakumeei zuzendutako psikologia zerbitzua "etenda" dagoela salatu du sare feministak
Gernika-Lumoko Udalak eskaintzen zuen zerbitzua "egun batetik bestera" bertan behera utzi izana salatu dute sare feministako kideek, eta egiturazko zuzeneko arreta berreskuratzeko eskatu diote udalari.
Sare feministakoek martxoaren 7an jakin zuten zerbitzua etengo zutela, bertan arreta jasotzen duten emakumeek euren prozesua etengo zutela jakinarazi zietenean: “Martxoaren 7an jakin genuen udalak eskaintzen zuen emakumeei zuzendutako psikologia zerbitzua egun batetik bestera bertan behera geratu zela. Izan ere, bertan arreta jasotzen dutenei mezu baten bitartez jakinarazi zitzaien euren prozesua etengo zutela”.
Ordutik, udalak “zerbitzua ahalik eta lasterren” berrezarriko duela esan die feministei, baina eurek salatu dutenez, “oraingoz”, emakumeek ez dute erantzunik jaso: “Aldundiak eskaintzen duen emakume biktimentzako programak larrialdi egoeran daudenak artatu ditzakeela argudiatzen dute udal ordezkariek, baina ez dute ulertu gura, lehenago zuten egiturazko zuzeneko arreta berreskuratzea dela emakumeek behar dutena”.
Hori dela eta, esan dute Gernika-Lumoko udal taldeak “ikuspegi patriarkaletik lan egiten baino ez dakiela”, eta salatu dute herritarren %50arekiko baino gehiagorekiko “sentsibilitate eta ardura falta” duela: “Horren adibide dira, baita ere, duela urte batzuk 18 hilabetez berdintasun zerbitzua etenda egotea eta berrezartzerakoan ordu kopua murriztu izana”.
“Nazkatuta” daude emakumeen ongizatea bermatu behar dutenek emakumeen ongizatea “zer den ere ez” jakiteaz.