Xabi Barandika, txapeldun 35. San Gregorio Txapelketan
Gernika-lumotarrak eta Gorka Mugartegi markina-xemeindarrak 30-20ko markagailuagaz irabazi diote Antxon Alberdi etxebarritarrari eta Mikel Manzisidor mutrikuarrari.
Markagailuak erakutsi zuena eta 35. San Gregorio txapelketako gizonezkoen finalean bizitakoa ez ziren bat etorri. Izan ere, Barandikak eta Mugartegik lanak izan zituzten Alberdi eta Manzisidor menpean hartzeko. Ikuslez bete-betetako Mendibarren pilotalekuak final ederra hartu zuen, maila handikoa, eta puntako tantoz josia. Azkenean, Gernika-Lumoko eta Markina-Xemeingo bikoteak urrats bat aurrera egin zuen, eta finaleko azken txanpan 30-20koagaz nagusitu ziren.
Gizonezkoen nagusi mailakoez gain, beste zenbait mailetako finalak ere lehiatu zituzten herenegun [maiatzak 13] Berriatuan. Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi finalaurrekoetan menperatu ondoren, finalean gailentzeko asmoz kantxaratu ziren Erika Murgartegi eta Eneritz Lizardi. Esan eta egin: partidu gogorraren ostean, garaipen landua poltsikoratu zuten Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal berriatuarren kontra. Emakumezkoen norgehiagokan, Gogenolak eta Aldazabalek etxean eta hurreko jarraitzaileen aurrean jokatzearen “presioa” igarri zutela adierazi dute antolatzaileek. Horrenbestez, Mugartegi markina-xemeindarra eta Lizardi mutrikuarra modu sendoan gailendu ziren.
Kadeteen eta 22 urtez azpikoen norgehiagokek ere zeresana eman zuten. Kadete mailan, Bilbao VI.ak eta Aratzek Txantonen eta Xubanen aurka neurtu zituzten indarrak. Lehenengoek lortu zuten garaipena, 30-17koagaz. 22 urtez azpikoen artean onenak Unda gernika-lumotarra eta Basterra 30-22koagaz nagusitu ziren Arrasate–Oier bikotearen aurka. “Partidu oso ederra eta parekatua izan zen, batez ere, hasieran”, azaldu dute antolatzaileek.