Salegi, Garai eta Markiegi omendu dituzte
Gernika-Lumon duela 48 urte gertatutakoa gogoratu zuten zapatuan [maiatzak 13].

Askatasun Haizea herri ekimenak deituta, lore eskaintza egin zieten zapatuan [maiatzak 13] Iñaki Garai, Blanca Salegi eta Jesus Mari Markiegi Mutriku-ri, Juan Kaltzada 47 zenbakian eurek omentzeko jarrita daukaten plakaren aurrean. Bertan, 1975. urteko maiatzaren 14an gertatutakoa gogoratu zuten.
Herri ekimenekoek diotenez, euren etxebizitzan ETAren zenbait militante zituzten gordeta Salegik eta Garaik, eta haien bila joan zen Guardia Zibila. Sarekadan, Garai eta Salegi tirokatuta hil zituzten, eta ezkutuan zeudenek alde egitea lortu zutela diote ekitaldiaren antolatzaileek; guardia zibilek ETAko kide Markiegi zauritu zutela ere gogorarazi dute. Ajangizko baserri batean ezkutatu zen Markiegi, baina “guardia zibilek tiroz hil” zutela gehitu zuten ekitaldian: “Markiegiren gorputza biluzik izan zuten ordu luzez Gernika-Lumoko kuartel inguruan, izara garden bategaz estalita. Hau guztia frankismoaren azken salbuespen egoerak irauten zuen bitartean gertatu zen”.