Aviles: Gernika SDren lehen aurkaria play-offetan
Talde asturiarra izango dute aurkari Aitor Larrazabalen eta Gorka Iraizozen jokalariek 2. RFEF mailako play-offetako lehen geltokian.
Liga erregularreko azkenengo jardunaldiko partidua jokatu zen atzo [maiatzak 14], eta Gernika SD play-offetarako sailkatu zen. Gaur [maiatzak 15], ostera, lehia horretako taldeen zozketa egin dute, eta Gernika SD Avilesen aurka neurtuko da. Gernika-lumotarrak “oso pozik eta motibatuta” agertu dira aurkari hori suertatu izanagatik.
Joaneko partidua domekan [maiatzak 21] jokatuko dute, 17:00etatik aurrera, Urbietan. Baina itzuliko finalaurrekoa Asturiasen izango da. Huelva edota Ibiza moduko aukerak zozketan zeudenez, Asturiaseraino joatea erosoagoa egiten zaiela diote. “Bai azpiegitura aldetik, bai nekeari dagokionez, aukerarik onena egokitu zaigula uste dugu. Aviles bazkide sare esanguratsua daukan kluba da, eta seguru Urbietako joanekora jende ugari ekarriko dutela; guk, geure aldetik, Asturias ez dugu beste aukerak bezain urrun edukiko, ikusleek eta guk geuk bidaia hobeto eta erosoago egin ahal izango dugu”.
Aste hau “prestakuntzarako” baliatuko dutela azaldu du Koldo Berasaluze kapitain gernika-lumotarrak: “Kirol alorretik, ez dugu Avilesen inguruko datu handirik; hortaz, lantaldeak sakonki aztertuko du bere jokoa, domekan ondo ezagutzen dugun arerioa topa dezagun. Edozelan ere, seguru gaude maila handiko taldea izango dela”.
Koldo Berasaluze: “Play-offetarako sailkapenak beregain duen motibazio uholdeagaz ekingo diogu Urbietako partiduari, gaitza izango dela badakigun arren”
Azken unera arte, tentsioa. Gernika SDrentzat ez da erraza izan play-offetarako sailkatzea. Atzo 0-1eko garaipen estua lortu zuten Mutilvera talde nafarraren aurka, baina hori ez zen nahikoa. Partidua amaituta, Tudelano eta Beasainen artekoa adi-adi ikusten geratu ziren zelaigunean bertan. Azkenean gipuzkoarrak izan ziren irabazleak, eta horrek, hain zuzen, atea zabaldu zien gernika-lumotarrei. Sailkapenak beregain duen “motibazio uholdeagaz” ekingo dio Urbietako taldeak play-offetako lehen erronkari, “gaitza” izango dela dakiten arren.