Urak hegazti migratzaileentzat daukan garrantzia azpimarratuko dute aurtengo kanpainan.
Eraztunketa saioak eta ibilbide gidatua eskainiko dituzte domekan [maiatzak 14] Urdaibai Bird Centerren. Eraztunketa zientifikoaren erakustaldian bi txanda egongo dira (10:00etan eta 11:00etan), eta hezeguneetatik ibilbide gidatua, berriz, 10:30etik aurrera izango da. Leku mugatuak daudenez, jardueretan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da; 699 83 92 02 telefono zenbakira deitu behar da.
Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako Eguna hegaztien migrazio-ibilbide osoko natura-zentroetan ospatzen dute. Ura eta urak berak hegazti migratzaileentzat duen garrantzia dira aurtengo kanpainaren ardatzak: “Ura funtsezkoa da gure planetaren bizitzarako. Hegazti migratzaile gehienak ekosistema urtarren mende daude beren bizi zikloetan”, esan dute zentroko arduradunek.
Domekako [maiatzak 14] jardueretan parte hartzeko aurretiaz erreserba egitea derrigorrezkoa da
Azaldu dute barrualdeko eta kostaldeko hezeguneak, ibaiak, lakuak, errekak, padurak eta urmaelak ezinbestekoak direla elikatzeko, edateko edota habiak egiteko, bai eta bidaia luzeetan atseden hartzeko eta edateko ere: “Zoritxarrez, ekosistema urtarrak gero eta mehatxatuago daude mundu osoan, eta beraz, haien mende dauden hegazti migratzaileak ere bai. Gizakion ur eskakizuna gero eta handiagoa da, kutsadurak eta klima-aldaketak eragin zuzena edukitzen ari dira ur garbiaren eskuragarritasunean eta hegazti migratzaile askoren kontserbazio egoeran”.
Urdaibai Bird Centerreko kideek azpimarratu bezala, “urak Urdaibaiko bizitzari eusten dio”, eta hura zaintzea “funtsezkoa” da. Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako egunean antolatutako jardueren bidez, bertaratzen direnak “denon esku dagoen ondasun” horren garrantziaz jabetzea nahi dute.

Argazkia: Urdaibai Bird Center.