TAE Gernikak 11 dominako uzta lortu du Espainiako txapelketan
Taekwondoko TAE Gernika Klubak Torremolinosen (Malaga) lehiatutako Espainiako lehiaketan parte hartu du.
TAE Gernika Kluba lehenengo aldiz aurkeztu da Espainia mailako txapelketa batera, eta Torremolinosen (Malaga, Espainia) aritu diren sei lehiakideek 11 domina lortu dituzte: urrezko sei domina, zilarrezko bi eta brontzezko hiru.
Lehiaketan 980 parte hartzaile baino gehiago egon zirela eta, lehiaketa “gogorra” izan zela adierazi du Dani Urbez entrenatzaileak; parte hartu zuten taldeak formetan, talde formetan eta borrokan “bata bestea baino hobeak” zirela esan du. Talde gernikarreko ikasleen lana azpimarratu du Urbezek: “Gure ikasleak geldiezinak direla erakutsi dute beste behin ere. Talde honegaz ametsak errealitate bihurtu ditugu”.
Betiko modura, Espainiako Taekwondo ITF federazioari esker ona adierazi dio Urbezek, “oraingoan ere lehiaketa bikaina antolatu dutelako”. Era berean, Benalmadenako Doyang Eskolako Maximiliano Montiel instruktoreari eskerrak eman dizkio, “tamaina handiko lehiaketa aurrera eroan duelako”.