Etxebizitza turistikoentzako kontrola ezarri gura du Mundakako Udalak
Azterketa baten arabera, Mundakan 70 etxebizitza turistiko daude. Irati Gondra Mundakako alkateak adierazi du turismo mota hori ez datorrela bat Turismo Jasangarriari buruzko Europako Gutunak esaten duenagaz.
Mundakan dauden logela eta etxebizitza turistikoen “kontrola handitu” gura dute. Hala, azken osoko bilkuran erabaki zuten udalerriko etxebizitza turistikoen ustiapena arautuko lukeen araudi bat egiteko daukaten beharra helaraztea Eudeli, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzari. Osoko bilkuran EH Bildu abstenitu egin zen, eta Mikel Bilbao zinegotziak aurka bozkatu zuen.
Jakitera eman gura izan dute, udala lanean ari dela erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen lizentziak kontrolatzeko eta horien jarraipena egiteko; ordenantza berri bat egiteko asmoa dagoela iragarri dute.
Irati Gondra (Mundakako alkatea): “Etxebizitza turistikoek ez dute turismo jasangarriagaz bat egiten, eta ez dituzte hotelei eta ostatuei eskatzen zaizkien betebeharrak betetzen”
Nekaturrek egindako azterketa baten arabera, Mundakan 70 etxebizitza turistiko daude. Busturialdea kontuan hartuta, mota horretako etxebizitzak dituen bigarren herria dela aipatu dute; Bermeo da etxebizitza turistiko gehien dituena. Turista asko erakartzen duen udalerria da Mundaka, baina horrek “inpaktu negatiboak” dakartzala adierazi dute: “Izan ere, Mundakako bizilagunek urte osorako alokairua aurkitzeko zailtasunak edukitzen dituzte”.
Irati Gondra Mundakako alkateak adierazi du turismo mota hori ez datorrela bat Turismo Jasangarriari buruzko Europako Gutunak esaten duenagaz: “Mundakako Turismo Bulegoa Turismo Jasangarriari buruzko Europako Gutunera atxikitu zen lehenengoa izan zen. Etxebizitza turistikoek ez dute turismo jasangarriagaz bat egiten, eta ez dituzte hotelei eta ostatuei eskatzen zaizkien betebeharrak betetzen”.
Udal arduradunek azaldu dute etxebizitza turistikoena udalak egindako Mundaka Amestuz prozesu partehartzailearen baitan “gehien kezkatu” duen gaietako bat izan dela, udalari “antolamendua eskatuta”. Udaletik adierazi dute mota horretako etxebizitzak egon daitezkeela, hala ere, uste dute “hotel enpresei eskatzen zaizkien moduko araudi zorrotzak bete beharko lituzketela, lizentziak dagokion erakundeetatik emateari dagokionez”.