Busturialdeko txirrindulariak eta txirrindulari taldeak omendu dituzte Tour Egunean
Bizikletaren erabilera sustatzeko helburuagaz, Tour Eguna ospatu zuten domekan [maiatzak 7] Gernika-Lumon.
Bizikleta izan zen Gernika-Lumoko Tour Eguneko protagonista nagusia domekan [maiatzak 7], baina eskualdeko txirrindulariek eta txirrindulari taldeek ere euren protagonismoa eduki zuten. Izan ere, horietako asko omendu zituzten: Pello Bilbao, Luis Mari Etxebarria-Zarraga Txito, Gorka Gerrikagoitia, Antton Luengo, Fede Etxabe, Bermeo Txirrindulari Taldea, Ager Lejarreta, Paul Ormaetxea, Jon Markel Etxegarai, Gernikesa, Aixerrotape, Enrique Gerrikagoitia, Busturia Txirrindulari Elkartea eta Tomas Oñederra.
Horiek guztiak omendu aurretik eta gero, hainbat jarduerez gozatzeko aukera eduki zuten Pasealekura hurreratu zirenek. Tourreko tailerrak izeneko eremuan hezkuntza gela bat egon zen, txirrindularitzan, bizikletaren ezagutzan eta oinarrizko arauetan sakontzeko. Bide segurtasuneko gune bat ere egon zen, eta horretan bizikletean modu seguruan ibiltzen eta arauak ezagutzeko azalpenak eman zituzten. Beste gune batean, ostera, bizikleta mantentzeko eta konpontzeko oinarrizko ezagutzak eta lapurretak saihesteko moduak irakatsi zituzten. Gainera, praktika eremu bat ere egon zen, bi pistakoa: hastapen pista eta pump track pista.
Frantziako Tourraren historiari eta Bizkaiak Tourrean eduki duen historiari buruzko erakusketa bat ere jarri zuten, Vicente Blanco txirrindulariak 1910ean edukitako parte hartzea azaltzen hasten dena.