Udabarria Bertsotan fasean zortzi saio lehiatuko dituzte, eta aurreko astean jokatu zituzten lehenengo biak.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea da Udabarria Bertsotan eta maiatzeko eguenetan bina saio lehiatuko dituzte. Asteon Muxikan eta Diman ariko dira bertsolari bizkaitarrak, 18:30etik aurrera.
Muxikako saioan ariko da Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarra, eta beragaz batera bertsolari hauek lehiatuko dute: Ana Picallo Perez, Inazio Vidal Gurrutxaga, Maite Sarasola Isazelaia, Naroa Torralba Rodriguez eta Peru Vidal Gurrutxaga. Gai jartzaile legez Zihara Jainaga Larrinaga gernika-lumotarra ariko da Ariatzako eskolan.
Koldo Gezuraga Seijido gernikarrak, ostera, Dimako saioa jokatuko du, honako bertsolari hauekin: Aitor Arrutia Azkueta, Ander Sarriugarte Garcia, Iker Garitagoitia Astigarraga, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Peio Lago Iturriaga.
Udabarria Bertsotan faseko saioetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bazkideek 2 euro ordaindu behar dituzte, eta bazkide ez direnek 3 euro; 8 urtetik beherakoentzat, ostera, sarrera doakoa da. Soberan geratuko balira, saioen egunetan 18:00etan zabalduko lukete txarteldegia, eta han erosi ahalko lirateke.
Lehenengo bi saioetako irabazleak. Aurreko astean Urdulizen eta Durangon jokatutako saioekin hasi zuten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea; Aissa Intxausti Aburruza lekeitiarra izan zen garaile lehenengoan, eta Unai Mendiburu Valor algortarra bigarrenean.
Urdulizko saioan Beñat Bilbao Landa gernikarra sailkatu zen bigarren. 203,5 puntu eskuratu zituen Intxaustik, eta 178 puntu Bilbaok.