Oroimenez bete da Bizkargi
Hainbat memoria ekitaldi egin dituzte asteburuan Bizkargin. 1937ko maiatzean Bizkargin hildako gudariak izan dira asteburuko protagonista nagusiak.
Bizkargi eguna izan zen maiatzaren 3a, eta, ohi legez, jendetza batu zen asteburuan mendi tontorrean, 36ko gerrako gudariak gogoratu asmoz. Atzo, Muxikatik, Morgatik, Larrabetzutik eta Zornotzatik igo ziren ehunka herritar, eta, han, 1937ko maiatzeko batailan borrokatu eta hil ziren gudariak omendu zituzten.
Gainera, Muxikako eta Larrabetzuko udalek Bizkargiko bataila gogoratzeko xafla ikusi ahal izan zuten bertaratu zirenek. Xafla memoria ariketa egiteko dela diote, “gertatutakoa gogoratzeko”.
1937ko maiatzeko batailan borrokatu zuten gudariak gogoratu eta Patxi Jaka Bikandi omendu zuten atzo, baina denetariko ekintzan egon ziren goizetik. 11:00etan hasita, Soinu Txikie taldeak girotu zuen eguna, eta Jaka omendu ostean, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeko dantzariak eta bertsolariak arduratu ziren eguerdia dantzaz eta musikaz betetzeaz. Onintza Enbeitak, Xabier Arriaga Txiplas-ek eta Etxahun Lekuek bota zituzten bertsoak. Horien ostean, Aiko taldearen doinuez eta Eneko Larruzearen kantaldiaz gozatu zuten bertaratu zirenek.
Arratsaldean, Gorozikako frontoian batu ziren muxikarrak eta inguruetako bizilagunak, eta Ostikda taldeagaz dantzatu zuten.
Gazteen aldarria. Zapatuan gazteek egin zuten memoria ekitaldia Bizkargin. Urtero legez, Larrabetzu, Zornotza eta Gernikako gazteek “Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan” eroritako gudariak omendu zituzten.
Adierazi dute 1936az geroztik “erresistentziaren ikur” bilakatu dela Bizkargi, eta, orain, “inposatutako errelatutik kanpo” eurei dagokiela memoria egitea, bai Bizkargin, bai Euskal Herriko txoko ezberdinetan gertatutakoari buruzko memoria lantzea, alegia.