Gernika SD: Play-offetarako bizirik, zenbakiek kontrakoa esan artean
Talde gernikarrak 0-1 galdu du San Juanen kontra. Domekan [maiatzak 14] play-offen lehiari eusteko partidu erabakigarria jokatuko dute Mutilveraren kontra, ligako azkena.
Gernika SD futbol taldeari asko zaildu zaio 2. RFEF mailako play-offei eusteko borroka. Atzo [maiatzak 7] 0-1eko markagailuagaz galdu zuten San Juanen kontra, Urbietan. Porrot horregaz, talde gernika-lumotarrak kota bat behera egin du taulan, eta bosgarren postutik seigarrenera igaro da. Datorren domekan Nafarroara joko dute, Mutilveraren aurka liga erregularreko azkenengo norgehiagoka jokatzera, eta hil ala biziko partidua izango da.
Hainbat porrot erreskadan jaso ondoren, Alaves Bren kontra eskuratutako berdinketaren bultzadagaz eta konfiantzagaz ekin zioten partiduari Gernika-Lumokoek. Lehen zatian, maila oso handian aritu ziren Aitor Larrazabalek eta Gorka Iraizozek zuzendutako jokalariak. Koldo Berasaluze kapitainak azaldu du uneoro “partiduaren ardura guztia” beren bizkarretan hartu zutela Urbietakoek: “Antolatuta eta oldarkor jokatu genuen, eta hainbat erasoaldi egin genituen; bosgarren minutuan, jadanik, lehen aukera garbia izan genuen”. Hain zuzen ere, Gernika SDko alboetako defendatzaileak izan ziren eraso abaguneetako protagonista nagusiak. “Sakontasun handiko jokalariak dira, eta kanpoaldetik, alde bietatik, min handia egin genion San Juani”, adierazi du.
Atsedenaldira nagusitasun sentsazioagaz baina 0-0eko markagailuagaz joan ziren talde biak. Aldageletatik bueltan, partiduak ordura arteko dinamikekin egin zuen aurrera. San Juanek aukera oso gutxi eduki zituen, baina asmatu zuen eduki zituenak zukutzen: bigarren zatiaren erdialdean, 0-1ekoa sartu zuten bisitariek. Berasaluzeren berbetan, “une benetan gogorra” izan zen hura gernika-lumotarrentzat. Izan ere, jasotako golak errotik aldatu zuen etxekoen kontzentrazio maila, eta partidua aldapa gora ipini zitzaien. Azkenean, ez ziren egoera iraultzeko gai izan, eta hiru puntuak kanpoko taldeak poltsikoratu zituen.
Hurrengo domekan irabazi beharraz gain, aurkarien markagailuen pentsuan egoteko beharra edukiko du Gernika SDk
Egoera oso gaitza. Play-off postuetatik aterata, domekako partiduaren irakurketa ez da ona. Izan ere, Gernika SDkoek, datorren domekako liga erregularreko azken norgehiagoka irabazi beharraz gain, gainontzeko aurkariek egiten dutenaren pentsuan egon beharko dute. Play-offetarako sailkapena, matematikoki, oraindik “egingarria” dela aurreratu dute, baina ez dute ogibide errazik edukiko. Mutilvera talde nafarra edukiko dute aurrez aurre, aurtengo liga eskas hasi ostean, gora eta gora egiten ari dena. Partidua domekan [maiatzak 14] izango da, 12:00etatik aurrera.