Criado eta Finisher, jaun eta jabe Natxituan
Daniel Criado De Frutos gailendu da 27. San Isidro Txirrindulari Sari Nagusian. Lasterketa nahieran dominatu duen Finisher taldekoak izan dira lehen bi sailkatuak.
Finisher taldeko Daniel Criado De Frutosek irabazi zuen iragan domekan [maiatzak 7] Natxituan lehiatutako 27. San Isidro Sari Nagusia. 2.51.58ko denbora eginda, madrildarra atzeko taldearekiko metro batzuk hartuta iritsi zen helmuga lerrora, Angelutxuko malda igo ondoren. Bigarren postuan sailkatu zen bere taldekide Unai Aznar Vijuesca nafarra; podiuma Caja Rural-Alea etxeko Julen Arriolabengoa Beitiak osatu zuen.
Modu bikainean lortu zuen Criadok bere taldeak astebetean lortu duen hirugarren garaipena. Euskaldun Torneoko 11. proba puntuagarria bizkorra eta lehiatua izan zen, eta 70. kilometroan egon zen lasterketako gakoa. Une hartan, 30 laguneko tropel batek aurrea hartu zuen, eta helmugarainoko bidea egin. Finisherrek bost txirrindulari sartu zituen lasterketa buruan, eta bidea egin zuten. Ibilbidearen azken zatiko mendate biek, Bedaronak eta Angelutxuk, erabaki zuten garailea, eta Criado guztietatik azkarrena izan zen, Natxituko helmugan bere legea ezarriz.
Lasterketa amaituta, eguneko protagonista garaipenagatik “oso pozarren” agertu zen: “Urte gogor biren ondoren, emaitzak agertzen hasi direla ikus dezaket”. Era berean, Ruben Martin Finisher taldeko zuzendariak azaldu zuen San Isidro Sari Nagusian taldearen “balioaniztasuna” nabarmendu zela: “Batetik, batasunaren indarra bistaratu dugu; bestetik, txirrindulari bakoitzaren maila. Bai Criado, bai Aznar egoera fisiko bikainean daude, eta gaur sobera erakutsi dute hori”.
Aldaketak sailkapen orokorrean. Lasterketa hasi orduko Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko Iker Mintegi zegoen Euskaldun Torneoko lidertzan, baina amaieran aldaketa esanguratsuak egon ziren sailkapen orokorrean. Izan ere, hirugarren postuak liderraren elastikoa janzteko balio izan zion Arriolabengoari. Elastiko hori defendatu beharko du, hain zuzen ere, txapelketako hurrengo proban. Lasterketa hori XI. Iturmendi Saria izango da, eta datorren domekan [maiatzak 14] lehiatuko dute, Iturmendin (Nafarroa).